Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Arakil dinamizatu eta ibarrean euskara, kultura eta kirola sustatu nahian sare bat sortu dugu udalak, kontzejuek eta elkarteek". Ruben Goñi zinegotziaren hitzak dira. Berak argitu digunez elkarlan horren aurreneko fruitua da igandean abiatuko den Arakilgo udazkeneko agenda. Arakilek dituen eta eskaintzen dituen aukerak erabiliz osatu dute udazkeneko agenda. Guztien artean osatu dute egitaraua eta ez dute baztertzen 2009tik aurrera urtean zehar adin guztietako arakildarrei zuzendutako ekintza konkretuak egitea. Arakilgo Udalak aurretik bazuen halakoak egiteko diru-sail bat baina ez zen gastatzen. Aurten, ordea, 5.000 euroko aurrekontua erabili da agenda aurrera eramateko. Udalak egoitza egokirik ez duenez, herrietako elkarteetan eginen dira ekintzetako batzuk. Horrela, elkarteendako ere diru iturri bat sortuko dela uste dute agendaren antolatzaileek. Mendi martxaArakilgo udazkeneko agenda igandean mendi martxa batekin abiatuko da. Arakilgo I. mendi martxa izanen da igande goizean. Mendizaleak 9:30ean dute hitzordua Etxeberriko plazan jarrita. Handik Madotzera joko dute, 10:30 aldera iritsiko dira. Handik Irañetara eta handik Ihabarrera joko dute. Zailtasun ertaineko mendi ibilaldia da, 6 km-ko luzerakoa, eta mendizale guztiek elkarrekin eginen dute ibilbidea. Ihabarren bazkaltzera gelditu nahi duenak horretarako aukera du. Horretarako, gaur bertan, 676 336 603 telefonora hots egin behar da. EgitarauaTxan magoaAzaroaren 22an, larunbatarekin, 17:00etan Hiriberriko kontzeju etxean. Fosil erakusketaAzaroaren 22an, larunbatarekin, arratsaldez Hiriberriko Txitera elkartean. Arakilgo Toponimiaz Azaroaren 22an, larunbatarekin, 19:00etan Hiriberriko kontzeju etxean. Hizlaria: Mikel Belasko. MaritxuAzaroaren 29an, larunbatarekin, 19:00etan Irurtzungo kultur etxean. Ihabarko herritarren antzerki emanaldia. Erriberrira irteeraAbenduaren 6an, larunbatarekin, 9:30ean Arakilgo herrietatik abiatuta. Gaztelua eta ardoaren museoa bisitatuko dira eta ondoren Gambert jatetxean bazkaria izanen da.Heriotza Euskal Herriko historian zeharAbenduaren 13an, larunbatarekin, 19:00etan Satrustegiko Nafarroako Gobernuaren etxean. Hizlaria: Juantxo Madariaga. Bertso afaria (sagardotegi menua)Abenduaren 13an, larunbatarekin, 19:00etan Satrustegin. Julen Zelaieta, Julio Soto eta Oskar Estanga ariko dira kantuan.