Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arakilgo Udalak, kontzejuek eta elkarteek antolatu duten udazkeneko agendak larunbatean hitzordua du Hiriberrin. Gainera, egitarau zabala prestatu dute. Arratsaldean zehar, Txitera elkartean Jose Cruz Arbilla Carasatorre hiriberriarraren fosil erakusketa ikusgai izanen da. Erakusketaz gain, txikienek eta ez hain txikiek, Txan magoaren ikuskizunarekin gozatzeko aukera izanen dute. 17:00etan izanen da, Hiriberriko kontzeju etxean. Arratsaldea borobiltzeko, toki berean, 19:00etan, Mikel Belaskok Arakilgo toponimia izanen du hizketa gaia. Bukaeran gazta dastaketa izanen da. Mendi martxaArakil dinamizatu eta ibarrean euskara, kultura eta kirola sustatu nahian antolatutako sare horren aurreneko fruitua da udazkeneko agenda, igandean mendi martxa batek zabaldu zuena. 9:30ean Etxeberritik 45 bat pertsona abiatu ziren, gerora Madotzen beste dozena erdi bat batu zitzaizkien. Ihabar bitartean 15 km-ko ibilbidea egin zuten. Bidean hainbat tokitan (triku-harri, borda, koba, harrateak, iturri...) azalpenak eman entzun zituzten oinezkoek. Bestela, mendizaleek bidean lainoari eta hotzari gogoz egin zioten aurre eta martxa ederraz gozatu zuten. Udaletik adierazi digutenez "esperientzia polita izan da, heldu den urtean errepikatzeko modukoa". Ibilbide bukaeran, Ihabarko elkartean 65 pertsona bildu ziren mahaiaren inguruan bazkaltzera.