Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arakilgo Udalak, Kontzejuek eta elkarteek antolatutako udazkeneko kultur agendako azken ekitaldiak Satrustegin izanen dira bihar. Lehenengo eta behin, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle den Juantxo Madariagak Heriotza Euskal Herriko historian zehar izenburua duen hitzaldia eskainiko du. Nafarroako Gobernuak Satrustegin duen etxean izanen da hitzaldia, 19:00etan. Hura bukatu gero, 21:00etan bertso afaria izanen da. Mahaira esertzen diren 60tik gora arakildarrak sagardotegi menuaz gozatzeko aukera izanen dute. Afaldu ondoren, berriz, Julen Zelaieta, Julio Soto eta Oskar Estanga bertsolariak kantuan hasiko dira. Gaua luzatuko zaie Satrustegin biltzen direnei, borobiltzeko DJ Bertso ariko baita.AurrekoakArakilgo udazkeneko kultur agendaren barruan iragarria zegoen Ihabarko herritarren antzerki emanaldia guztiz arrakastatsua izan zen. Irurtzungo kultur etxea txiki gelditu zen eta ikusleek Maritxu antzezlan interesgarriarekin gozatzeko aukera izan zuten. Bestalde, larunbatean autobus bete arakildar Erriberrira txangoan joan zen. Hango gaztelua eta inguruak euripean ezagutzeko aukera eta ederki bazkaltzeko modua izan zuten.