Izurdiagako lanak egiteko erakundeen arteko "elkarlana" eskatu du alkateak

Guaixe 2009ko otsailaren 10a

Irurtzungo saihesbideko lanak jendaurrera atera direla ikusita, Arakilgo alkateak, Javier Lazkoz Olaetxeak, Izurdiagako trenbide pasa kentzeko lanak zehazterakoan administrazioen arteko "elkarlana" eskatu du. Javierrek adierazi digunez "departamendu ezberdinekin hitz egin dugu eta guri, udal gisa, gustatuko litzaiguke udala, kontzejua, Toki Administrazio eta Herri Lan Departamentuak elkarlanean aritzea". Arakilgo alkateak adierazi digunez, "Izurdiagako sareak zaharrak dira eta matxura asko dituzte. Herri zaharrekoa berritu da, baina gainontzekoak berritzeko premia du". Arakilgo Udalak hainbatetan eskatu du, alferrik, Nafarroako Gobernuak lan horiek lau urteko azpiegitura planean sartzea. Arakilgo alkateak dioenez, "trenbide pasa kentzeko lanak egin behar badituzte eta lan horiek zerbitzu publikoei eragin behar badiete, arrazoizkoa da departamentuen eta udalaren artean kolaboratzea eta guztia aldi berean berritzea, Izurdiaga baldintza egokietan uzteko". Javierrek gaineratu duenez, "ez luke zentzurik orain lurra jasotzeak eta gero berriro jasotzeak hodiak sartzeko". Bi departamentuko arduradunekin udalak izandako harremanetan lanak aldi berean egiteko "borondatea" azaldu dute. Baina "zehazteko" garaia dela nabarmendu du alkateak.EgitasmoaArakilgo Udalak beti esan du Izurdiagarrek aukeratzen duten trenbide pasa kentzeko alternatiba defendatuko duela gobernuaren aurrean eta hura "errespetatzeko" eskatuko duela. Iazko apirilean Nafarroako Gobernuak Izurdiaga-Irurtzun saihesbideko udalez gaindiko plana onartu zuen. Horren arabera Izurdiagako trenbide pasa kentzeko lurpeko pasa eginen litzateke. Izurdiagako biztanleek ere hainbat bileretan horren alde egin zuten eta hala helarazi zion udalak gobernuari. Dirudienez, Izurdiagako Kontzejuan dagoen gehiengoarendako konponbide hori ez da egokiena. Bestalde, Irurtzungo saihesbidea dela eta, udalak egitasmoa ukitutako Izurdiagako auzokideekin biltzeko asmoa azaldu du. Udalak berak ere bere azterketa eginen du.