Zaldua ongi baina Rajatablak porrot

Guaixe 2009ko martxoaren 10a

Asteburuan Elomendiko Futbol Txapelketako 23. Jardunaldia jokatu zen. Izurdiagako Rajatablak gol sorta ederra jaso zuen, Gazte Berriak taldeak 0-5 hartu baitzion menpean. Aldiz, Arakilgo Zalduak 3-1 irabazi zion Elomendiri. Urrotzek jarraitzen du Elomendiko Futbol Txapelketako lider, 39 punturekin. Rajatabla bederatzigarrena da, 19 punturekin, eta Zaldua hamabigarrena, 17 punturekin. Asteburuan 24. Jardunaldiari ekinen diote. Rajatablak lehia konplikatua izanen du, 21 punturekin sailkapenean bere gainean dagoen eta zortzigarrena den Roca baitu arerio larunbatean Unzuen, 16:00etatik aurrera. Sailkapeneko postua dago jokoan eta irabazi beharrean dago Rajatabla. Bestalde, larunbatean 14 punturekin hamalaugarrena den Partizan izanen du arerio Zalduak Atarrabian. Hauek ere postua dute jokoan, soilik puntu bateko aldea baitute. Ea jokoan dauden puntuak Sakanara etortzen diren.