Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arakilgo Udalak Oskiako harrobiaren errestaurazio planaren ingurumen inpaktuaren deklarazioari alegazioak aurkeztu dizkio. Hilaren hasieran egin zuen Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren Ingurumen Ebaluaketa Atalean. Arakilgo Udalak bere alegazioetan dio errestaurazio plana "2003an Canteras Oskia SL enpresak aurkeztu zuen handitze planaren oinordekoa da". Aurreko plana atzera bota zen modu berean, "koherentziaz" berria ere atzera botatzea eskatu du udalak. Aldi berean, "ezkutuko ustiapen plana" dela ziurtatu du udalak eta "zuzendu nahi dituenak baino inpaktu handiagoak" sortuko dituela. Alegazioetan Arakilgo Udalak dio enpresaren errestaurazio planaren ingurumen inpaktuaren deklarazioak "baliogabetzen duten forma akatsak" dituela, eta hura baliogabetzeko eskaera egin du. "Forma akats" horien artean leudeke: errestaurazio alternatiba ezberdinak ez aurkeztea; gobernuak plan berria onartu eta auzitegiak ingurumen inpaktuaren deklarazioa eskatu bitartean enpresak harrobia ustiatzen jarraitzea eta, beraz, abiapuntua berdina ez izatea; gobernuak ezer ez egitea langileen segurtasunagatik, harrobiaren egoera haiendako arriskutsua dela dioenean eta, azkenik, departamentuak txosten independenteak ez eskatzea.GehiagoArakilgo Udalaren alegazioetan jasotzen denez, harrobiaren errestaurazio planaren ingurumen inpaktuaren deklarazioan "ez da eraginen balorazio zuzenik egiten, edo ez da egiten". Horren adibide gisa Bizkai mendiaren iparraldeko magala aipatzen du udalak. Alegazioetan ere udalak begi-inpaktu balorazioa faltan bota du eta neurri zuzentzaileen balorazioarekin oso kritiko azaldu da. Arakilgo Udalak dio errestaurazio planak lurjabeen baimenik ez duela. Azkenik, Arakilgo Udalak gogorarazten du "hasiera batean onartutako errestaurazio plana ezin da egin, udalek baimendutako mugak tarte handiz gainditu direlako". Arakilgo Udalaren ustez enpresak aurkeztutakoa "plan berria da, lizentziarik ez duten eremuei eragiten die". Lizentzia eta bideak zabaltzeko baimenak ematearen kontrako jarrera ere aurreratu du udalak alegazioetan.