Aspaldiko partez gol festa ederra Arakilen

Guaixe 2009ko martxoaren 31

Asteburuan Elomendiko futbol txapelketako 26. jardunaldiko partidak jokatu ziren. Aspaldiko partez garaipena zer den gogoratu zuten Arakilgo bi taldeek. Elomendiren kontra 2-3 irabazi zuen Izurdiagako Rajatablak, eta Zalduak gol festa ederra izan zuen, 7-0 hartu baitzuen menpean The Beltzak taldea.Urrotzek jarraitzen du Elomendiko txapelketaren buru 46 punturekin; Unziti taldea 2 puntu eskasera du. Rajatablak 21 puntu dauzka eta bederatzigarrena da, eta Zalduak, berriz, 19 puntu ditu eta sailkapenean hamaikagarrena da. Larunbatean 27. jardunaldiko partidak izanen dira lehian. Rajatablak 16 punturekin sailkapenean hamalaugarrena den Partizan hartuko du Garinoainen, 16:00etan, eta Zalduak, aldiz, 35 punturekin laugarrena den Bidezarra hartuko du Lekunberrin, 18:30ean. Ea aurreko asteburuko garaipen boladak ez duen etenik.