Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtero moduan, Santiago egunarekin batera, bihar Arakilgo Eguna ospatuko da. Ospakizunak arakildarren arteko harremana festa giroan sendotzeko eta "herria egiteko" balioko du. Arakilgo Udalak antolatutako egitaraua Egiarretako Itxasperri ermita erromanikoan hasiko da arakildarren mendeetako memoria biltzen den lekuan, hain zuzen ere. 11:00etan patroiaren omenez meza izanen da, bere doinuekin ibarreko abesbatzak edertuko duena. Elizkizuna eta gero, 12:45ean, ermitaren atean ibarreko adinduak omenduko dituzte arakildarrek. Ekitaldi horretan Orritz dantza taldea eta Uharte Arakilgo erraldoiak izanen dira. Omenaldia eta gero, Itxasperriko plazan otamena izanen da bildutako guztiendako. GehiagoJan-edanaren inguruan hizketan aritu eta gero, Arakilgo Egunaren ospakizun gunea Ekaira lekualdatuko da. 13:45ean, Leitzako Saralegi familiak herri kirol erakustaldia eginen du. Aizkorarekin batera, motozerrarekin ere haien trebetasuna erakutsiko dute leitzarrek. Herri kirolen ondoren, udalak jarritako karpan 200 bat arakildar bazkaltzera bilduko dira 14:45ean. Txikienendako bazkalondoa luze ez izateko, 16:30etik aurrera puzgarriak izanen dituzte. Helduen bazkalondoa bestelakoa izan ohi da eta, horregatik, 17:30etik aurrera mus eta briska txapelketak iragarri dira. Ordu berean akordeoilari bat jotzen hasiko da. Txapelketen sari banaketa 20:00etarako dago iragarrita. Mahaitik jasotzeko beta handirik ez da izanen, 22:00etan herri afaria iragarria baitago. 50 bat arakildarrek eman dute izena. Gauerditik aurrera disko mugikorrarekin 04:00etarain dantza egiteko aukera izanen da Ekain.