Festaren beroak bildu zituen arakildarrak

Guaixe 2009ko uztailaren 27a

Itxasperri ermita erromaniko ederra, atzera ere, arakildarren bilgune bihurtu zen larunbatean. Makina bat izan ziren patroiaren omenez ospatutako elizkizunean parte hartu zutenak. Ibarreko abesbatzak bere doinuekin edertu zuen meza eta bukaeran Aralarko aingerua gurtzeko aukera izan zuten bertaratuek. Elizkizuna eta gero ibarreko nagusiak omendu zituzten eta haien ordezkari gisa lore sorta eta plaka bana jaso zituzten Gloria del Castillo Ardanaz erroztarrak (Indurain, 1919-03-14) eta Juan Martin Garro Muzkiz (Ekai, 1924-11-11). Udalak emandako oroigarrietan zera irakur zitekeen: zure jakituriak erakusten gaitu, zure begien argiak argitzen gaitu, zure aurpegiaren pozak gidatzen gaitu. Eskerrik asko zure bizitzagatik. Omenaldia eta gero, Uharte Arakilgo erraldoiek Etxarri Aranazko gaiteroen doinura dantzatu zuten. Doinu gehiago entzuteko aukera izan zen jendea otamenean zen bitartean. Txikienak, bestalde, ermita ondoan jarritako parkean jolasteko aukera ez zuten alperrik galtzen utzi. EkaiItxasperrikoak egin eta gero arakildarren festak Ekain jarraitu zuen. Garbitokiaren ondoan jarritako karpan itzala bilatu zuten ibarreko jendeak Migeltxo Saralegi harri-jasotzailearen eta Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi aizkolarien jarduna ikusteko. Karpan bazkari ederra eta karta joko txapelketak hartu ziren. Dantzarako aukera ere izan zen arratsaldean. Afariarekin eta gaueko dantzaldiarekin despeditu zen heldu den urtera arte Arakilgo Eguna.