Udalak industrialde egitasmoa LAPek aurreikusitako aukera-arean kokatuko du

Guaixe 2009ko uztailaren 28a

Arakilgo Udala hirigintza plan berria egiten ari da. Udalaren nahia da ibarrean "industria jarduera maila bat izatea, bermatuz ingurumenean egoki txertatuko dela eta Arakilen lan eskaintza sortzeko gai izanen dena". Lurralde okupazio estrategia egiterakoan udalak kontzejuekin adostu zuen Etxarren eta Hiriberri arteko lurrak (200.000 m2), autobiaren iparraldean, industrialdera bideratzea. Hori horrela, Arakilgo Udalak Nafarroako Lurralde Antolaketa Planak (LAP) egiten ari den Nasursa enpresa publikoarengana jo zuen. Arakilgo Udalak eskatu zion enpresa publikoari LAPean Etxarren eta Ekai artean (385.000 m2 gutxi gorabehera) aurreikusten den aukera-areara Etxarren eta Hiriberri artera lekualdatzea. Baina udalaren proposamena ez da aintzat hartu "ez baitator bat LAPren proposamen globalarekin. Hori bai, udal industrialde gisa arearekin bateragarria da". AldaketaGauzak horrela, Arakilgo Udalak erabaki du bere industrialdea Etxarren eta Hiriberri artean garatzeko aukera baztertzea eta hura LAPean jasotzen den aukera-arean kokatzea. Aldi berean, aukera-arearendako industria erabilera aurreikusten du. Erabaki hori hartzerakoan Arakilgo Udalak nahi izan du "udalerriko industria gaitasuna era global eta bateratu batez arautzea, paisaiaren eta herrien gaineko eragina txikituz".  Horrekin batera, Arakilgo Udalak erabaki du Etxarren-Ekain inguruan "dagozkion mugak jartzea aukera-area garatzean egoki integratu dadin eta ibarreko berezko jarduerekin eta ezaugarriekin bat etortzea berma dadin". Udalarendako "guztiz garrantzitsua da bermatzea aukera-areak abeltzaintza jarduerarekin bat etortzea". Arakilgo Udalak ere paisaian ahalik eta eragin txikiena izateko mugak jarri nahi dizkio aukera-areari. Hirigintza planaren oraingo zirriborroan 450 metroko altura aipatu da. Altuera horretatik gorakoak, beraz, babestu egin beharko liratekeela dio zirriborroak.