Plazaolako bide berdearen proiektua jendaurrean

Guaixe 2009ko urriaren 1a

Iruñea-Donostia ibilbide berdearen egitasmoa Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial izendatu du GobernuakJakina denez, Plazaola trenak Iruñea eta Donostia lotzen zituen. Bada, asteleheneko bilkuran Nafarroako Gobernuak Plazaolak Iruñea eta Irurtzun artean egiten zuen ibilbidea bide berde moduan berreskuratzeko egitasmoa Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial izendatu zuen. Bestalde, proiektua jendaurrean jarri du, interesatuek egoki jotzen dituzten ohar eta erreklamazioak egin ditzaten. Egitasmoak 20 kilometro hartzen ditu, Iruñea eta Irurtzun artean. Proiektua Plazaola Partzuergo Turistikoak sustatu du eta egitasmoa gauzatzen denean Plazaola trenak egiten zuen ibilbide guztia bide berdea izanen da, Irurtzun eta Donostia artekoa berreskuratua baitago. Turismora eta aisialdira bideratuta dagoen proiektua Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko "Bide Naturalen Sarean" sartuko da. Nafarroako Gobernuak jendaurreko epea pasa eta gero onartuko du behin betiko aipatu Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala. Hortik aurrera urtebeteko epea dago eraikuntza proiektua aurkezteko. Proiektu Sektoriala behin betiko onartzen denetik lan guztiak lau urteko epean despedituko direla aurreikusten da. IbilbideaProiektu Sektorialean sartzen den ibilbideak bost udalerri hartzen ditu: Berriobeiti, Berriozar, Itza Zendea, Arakil eta Irurtzun. Jatorrizko bidea berreskuratzea ezinezkoa den zatietan aukerako beste ibilbide batzuk aurreikusi dira.Egitasmoa sei zatitan banatu dute. Bosgarrena Aizkorberi dagokiona da. 1.525 metro luze da. Zati horretan 620 metroko tunel bat dago. Tunela eta jatorrizko bidearen zati batzuk gaizki daudela ikusita, aukerako ibilbideak planteatu dituzte, baina ez dute guztiz baztertu jatorrizko trenbidea berreskuratzea. Seigarren zatia Irurtzungoa da eta 780 metro luze da. Bidea bat dator trenbide zaharrarekin eta Irurtzungo geltoki zaharra zegoen lekuan bukatzen da; geltoki hori desagertuta dago gaur egun.