Kultura hostoak firin-faran

Guaixe 2009ko azaroaren 6a

Azaroko lehen asteburuarekin batera abiatuko da Arakilgo udazkeneko kultur agenda. Gabonetako oporretaraino, gustu eta adin guztietarako egitarau zabala prestatu du Arakilgo Udaleko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeak. Plan lasaia nahi dutenak aukeran izanen dituzte zinema, magoa edo hitzaldiak. Gorputza astintzeko aukera ere izanen da, BTT martxarekin nahiz herri kirolekin. Bestalde, arakildarrak giro ederrean biltzeko aukera ederra eskaintzen dute bertso afariak eta bodegara irteerak. AsteburuanIzaskun Mujika ipuin kontalariak emanen dio hasiera udazkeneko kultur asteari. Haurrendako marrubi eta txokolatezko ipuinak iragarri ditu ihabartarrak. Bere ipuin goxoak entzun nahi dituenak Zuhatzuko elkartean du hitzordua bihar, 18:30ean. Igandean, berriz, Arakilgo I. BTT martxa izanen da. Goizeko 11:00etan hasiko da Hiriberrin. Arakildik itzulia eman eta gero, irteera puntuan amaituko dute irteera. Salda beroa eta pintxoak izanen dituzte elkartean indarrak berritzeko.Bertso afariko txartelakAzaroaren 14an, 21:30ean, bertso afaria eginen da Satrustegiko Mikorena etxean. Jon Elizetxe, Jon Barberena eta Erika Lagoma eseriko dira mahaiaren inguruan. Arakilgo udaletxean eta kontzejuetako alkateak salgai dituzte txartelak 20 eurotan. Azaroaren 11 da horiek hartzeko azken eguna.