Arakilgo Zuhaitzaren Eguna igandean

Guaixe 2010eko otsailaren 26a

Zuhaitzaren Eguna Arakilgo Udaleko Kultura, Euskara eta Kirol batzordeak antolatu du, Hiriberriko Kontzejuaren eta Txitera elkartearen laguntzaz. Etzi zuhaitz landaketan parte hartu nahi dutenek hitzordua Hiriberriko plazan dute jarrita, 10:00etan. Han bildu eta ibairantz joko dute. Zubia zeharkatu ondoren inguru hartako txokoak bisitatuko dituzte. 10:15ean ekinen diote zuhaitz landaketari. Udalak eta kontzejuak lanabesak eramanen badituzte ere, parte-hartzaileei aitzurrak eramateko eskatu diete. Zuhaitzak landatu eta gero, Hiriberrira bueltatu eta 13:00etan Txitera elkartean otamena izanen da denendako. IzeiakEtzi izeiak landatuko dituzte Hiriberrin, futbol zelaiaren inguruan. 70. hamarkadaren erdi aldean egin zuten futbol zelaia Hiriberrin. Orduan bai erabiltzen zela, baina azken urteetan ez hainbeste. Herrian lanak egin behar zirela baliatuta Hiriberriko Kontzejuak futbol zelaia "saneatzea" erabaki zuen. Landare lur kapa kendu zuten, han obra hondakinak bota eta gainean, atzera ere, landare lur kapa bota zuten. Zelaia guztiz egonkortzen denan jarriko dituzte ateak. Azienda ez sartzeko futbol zelaia hesitu du kontzejuak.