Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Itza eta Arakil udalerrien artean dagoen Oskiako harrobiaren lehengoratze edo errestaurazio planeko ingurumen eraginaren aldeko adierazpena onartu du Nafarroako Gobernuak eta enpresa ustiatzaileari hainbat baldintza jarri dizkio. Tramite horrekin gobernuak epaitegiek agindutakoa bete du. Izan ere, epai batek arrazoia eman zion Itzako Udalari: harrobiaren lehengoratze planari buruzko ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar da. Atzera begiraCanteras de Oskia, S.L.k Bizkai mendiko harrobia handitzeko baimena eskatu zuen. Nafarroako Gobernuak ez zuen halakorik baimendu, ingurumenean izugarri eragin behar zuelako. Horren ordez harrobia lehengoratu beharra zegoela adierazi zen. Enpresak plana egin eta gobernuari aurkeztu zion. Arakilgo eta Itzako Udalek alegazioak aurkeztu zituzten. Nafarroako Gobernuak Oskiako harrobiaren lehengoratze plana onartu zuen eta orduan iritsi zen Itzako Udalaren helegitea: ingurumen eraginaren adierazpena falta zen. Epaitegiek Itzari arrazoia eman zioten eta orain iritsi da gobernuaren adierazpena. IritziaArakilgo alkate Javier Lazkoz Olaetxearen ustez, adierazpen hori onartu eta gero, aurki lehengoratze plana onartuko du gobernuak. Lazkozen iritziz enpresak harrobiko jarduera handitzeko aurkeztutako planaren eta lehengoratze planaren artean antzekotasun handiak daude, "azken horri ikerketa batzuk gehitu dizkiote". Alkatea kexu da enpresak bere garaian ustiapen mugak eta beste hainbat neurri gainditu zituelako. Horri lotuta gogora ekarri du Atondoko Kontzejuaren aldeko epai bat: enpresak mugak gainditu zituen eta ezin du han jardun, prezintatuta baitago. Lehengoratze planak zuzendu baino afekzio handiagoa sortuko dituela esan digu alkateak. Eta kexu azaldu da, bere ustez ezarritakoa bete ez duen bat saritzen ari direlako. Nafarroako Gobernuak lehengoratze plana onartuz gero Arakilgo eta Itzako Udalek jarduera baimenik ez duela emanen azaldu du.