Zazpi urte beharko dira Oskia lehengoratzeko

Guaixe 2010eko ekainaren 16a

BegoÃa Sanzberro Ingurumen kontseilariak halaxe jakinarazi zuen asteartean, Parlamentuan, NaBaik Oskiako harrobiaren itxiera eta lehengoratzeaz galdetu zion eta. Kontseilariak gogora ekarri zuen Nafarroako Gobernuak aurten ingurumen eraginaren adierazpena eta lehengoratze proiektua onartu zituela. Sanzberrok ziurtatu zuenez gobernuak “aukera onenaren alde egin du, batez ere segurtasunaren aldetik”. Aukera hori enpresak aurkeztutakoa dela ziurtatu zuen kontseilariak. Sanzberrok esan zuenez Canteras de Oskia SLk aurkeztutako egitasmoa “harrobia lehengoratzeko eta egonkortzeko aukera bideragarri bakarra da, harrobia ondasun eta pertsonendako arriskutsua delako”. Horretaz gain, kontseilariak gaineratu zuenez, “beharrezko neurriak hartu behar dira paisaia eta landaretzaren gaineko inpaktuak txikitzeko”. BegoÃa Sanzberro kontseilariak jakinarazi zuenez, lehengoratzeko, “segurtasun arrazoiengatik harrobiaren perimetroa handitu behar izan da. Kanpotik bideak egin beharko dira, errestauraziorako formula onena baita”. Gaineratu zuenez, enpresak “herriekin akordioren batera iritsi beharko du komunala okupatzeko”. Kontseilariak, bestalde, ziurtatu zuen neurri zuzentzaileak egiten direla ziurtatzeko hainbat jarduera zehaztu dituela gobernuak. Horrekin batera landaretza berreskuratzeko diru kopurua handitu eta ingurumen lehengoratzea ziurtatzeko enpresari eskatutako fidantza handitu dituela azaldu zuen.