Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean ospatu zuen Arakilek bere eguna. Itxasperriko Santiago ermita izan zen arakildarren bilgunea. Hotza egiten bazuen ere poliki bildu ziren arakildarren arteko harremanen beroak giroari aurre egin zion. Ermita erromanikoarekin batera, Etxeberri ospakizunen gune bihurtu zen. Frontoian jarritako karparen azpian 120 arakildar bildu ziren bazkaltzera. Ondorengo mahai jolasek, dantzaldiak eta puzgarriek ospakizuna iluntzera arte luzatu zuten. Itxasperriko elizkizunaren aurretik, igandean, Aralarko aingeruak Etxeberri eta Egiarreta bisitatu zituen. Ondoren, ermita atetik, ibarreko lurrak bedeinkatu zituen aingeruak. Elizkizuna ibarreko abesbatzaren kantuek edertu zuten. Mezan presente egon zen aingeruaren irudia bukaeran gurtzeko aukera izan zuten bildutakoek. Bezperan, bestalde, 20 pertsona bildu ziren Etxeberrin afaltzera. Irurtzungo festekin bat egiteak espero baino jende gutxiago biltzea ekarri zuen. Arakilgo Udala aztertzen ari da hurrengo urteetan bezperako afaria antolatzearekin autobus zerbitzua eskaintzea, afaltzera biltzen direnak gero Irurtzunera joan ahal izateko. OmenaldiaArakilgo Udalak Juan Luis Uharte Goñi omendu zuen. 31 urtez udalarendako lan egin duen gizona abenduan jubilatu zen. Omenaldiarekin Uhartek ibarraren alde egindakoa eskertu nahi izan zuen Arakilgo Udalak, jaso zuen plakan argi irakur zitekeenez: "Arakilgo ibarrari diozun maitasunagatik, izan duzun dedikazioagatik eta gorputz eta arima aritzeagatik, eskerrik asko". Omenduari aurreskua Alondra Amoztegik dantzatu zion. Txistuak, berriz, Felix Lopetegik jo zuen. Biak ere etxeberriarrak. Lau herriAizkorbe, Urritzola, Egiarreta eta Zuhatzu dira oraindik ere Arakilgo Eguna hartu ez dutenak.