Egiarretako sareak eta zorua guztiz berrituta geldituko dira

Guaixe 2011ko urtarrilaren 19a

Arakilgo Udalak 840.472 euroko aurrekontua onartu du aurtengorako. Horrekin batera, udalak erabaki du bere tasak izoztea. Haien bidez eta bestela udalak 700.000 euro lortzen ditu. Javier Lazkoz Olaetxea alkateak esan digunez udalak aurten eginen duen inbertsio handiena Egiarretan izanen da. "Aurreko bi urteetan estatuko funtsekin Egiarretako sareak eta kaleetako zorua berritzeko lanak egin ditugu. Azken fase bat falta da herriko azpiegitura guztiz berritzeko eta hori aurten eginen dugu". Arakilgo Udalak ordainduko ditu lan horiek eta 250.000 euro inguruko aurrekontua dute. Alkateak hauteskundeen  aurretik lanak eman nahiko lituzke eta urte akaberarako despedituta egotea ere. Lan hori egin aurretik Arakilgo Udala Toki Administrazio Departamentuarekin harremanetan jarri da, mailegua eskatzeko baimen eske. Aldi berean, lanak hasteko hasierako baimena eskatuko du. Lanak Lau urteko Planean jasoak ez badaude ere, udalak lanak egin ondoren jaso dezakeelako diru-laguntza. HitzarmenaEgiarretako Kontzejuak aurreikusita ez dagoen toki batean ere sareak eta zorua berritu nahi ditu:  garbitokira daraman bidea eta ingurua. Baina bide horrek kale izateko nahikoa zabalera ez du. Kontzejuak bidea kale bihurtzeko beharrezkoa den lur eremua eskuratu nahi du. Ondoren euste-horma bat eta zorua eginen lirateke.  Lanek 21.612,03 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. Lan hori beste lanekin batera egiteko hitzarmena sinatu dute Arakilgo Udalak eta Egiarretako Kontzejuak. Hirigintza planaArakilgo alkatea kexu azaldu zaigu Nafarroako Gobernuarekin. "Hirigintza planeko Lurralde Okupazioarako Estrategia Eredua (LOEE) urte eta erdi geldiarazita du". Gobernuak Udalari eskatu zion LOEEn Abiadura Handiko Trenaren linearendako (AHT) erreserba eremua gehitzea.Lazkozek argi azaldu digu: "ez dugu AHT pasatzeko lur eremu bat markatuko. Ez dago ezer errealik. Ez gaude horrekin ados. Hirigintza planean aldaketak egiteko tresnak badituzte, Udalez Gaindiko Plan Sektorial izendapenak, esaterako. Ez gaude haien irizpideekin ados. Ez du zentzurik".IzurdiagaArakilgo Udala Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarriko da Izurdiagako zeharbideko lanak direla eta. Lazkozek azaldu digunez, "gobernuarekin adostu nahi dugu trenbide pasako lanak egiten dituztenean Izurdiagako zeharbideko lanak (sareak eta zola berritzea) ere egin dezatela. Horrela herria baldintza egokitan geldituko litzateke". Lazkozek azaldu digunez aurten akordio hori lortzen saiatuko dira.Uraren behe-hornidurazUrtea hastearekin batera Sakanako Mankomunitatea uraren zerbitzu integrala eskaintzen hasi da. Hau da, uraren iturburutik etxeko txorrotarainoko prozesu guztiaren ardura bere gain hartu du. Zazpi udalek egin dute zerbitzu horrekin bat. Arakilgo Udala ez dago horien artean. Kontzejuekin hitz egin ondoren Udalak zenbait gai aztertzeko denbora eskatu du.          Javier Lazkoz Olaetxeak azaldu digunez, "mankomunitateak zerbitzu hori bere egitearekin batera, bestelako eskuduntzak ere bereganatzen ditu. Esaterako Lau urteko Tokiko Azpiegitura Planerako diru-laguntzen eskaera". Arakilen jakin nahi dute, besteak beste: nola baloratuko duen Mankomunitateak inbertsio politika; zer nolako funtzionamendua izanen duen "batzordean izanen da"; kostuak eta abar. Lazkozek azaldu digunez, "horiek argitzean, eskubide eta betebeharrak zein diren zehatz dakizkigunean zalantzak argitu eta erabakia hartuko dugu".Udal ekonomia Egiarretako lanetarako mailegua eskatuko du Arakilgo Udalak. Alkateak azaldu digunez, "udalaren ekonomia egoera onean dago. Zeuden maileguak ordainduta daude. Arrazoizko kudeaketa egiteko asmoz  sartu ginen eta egin dugu". 0-3 zikloaAurreko bi urtetan Irurtzunen mankomunatutako haur eskola egiteko diru saila zegoen. Gobernuaren laguntza atzeratuko denez ez dute dirurik aurreikusi.