Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Harrobiaren errestaurazio planak ikututako ondasun eta eskubideen okupazioa premiazkotzat jo du Nafarroako GobernuakArakilgo Udalarendako erabakia "lotsagarria" da, ingurumen arrazoiengatik atzera bota zen zabaltze planaren izena aldatu eta plan bera indarrean jarriko dela salatu du Astelehenean, legegintzaldiko azken bileran, erabaki zuen Nafarroako Gobernuak Oskiako harrobiaren erabilera onura publikotzat jotzea, desjabetzeko. Horrekin batera, gobernuak harrobiaren errestaurazio planak aurrera eramateko ikututako ondasun eta eskubideen okupazioa beharrezkotzat eta premiazkotzat jo du. Okupazio horren onuradun Canteras de Oskia SL enpresa egin du. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, planak Bizkai mendia lehengoratzeko beharrezko neurriak jasotzen ditu eta, aldi berean, harrobia erabat itxi aurretik, ustiapenaren egonkortasuna ziurtatuko du. HaserreaArakilgo alkate Javier Lazkoz Olaetxearendako gobernua "ezkutuan aritu da eta, horrela, zentzugabekeria sail bat borobiltzen du. Gobernu berriak eskuak garbituko ditu, aurrekoaren kontu bat dela argudiatuz".Lazkozek azaldu digunez, Arakilgo Udalak urte bukaera aldera bi bilera izan zituen Nafarroako Gobernuko ordezkariekin. Haietan "gauzak orain arte bezain gaizki ez egiteko jarraipen mahai bat osatzea proposatu genuen". Mahaia Industria eta Ingurumen Departamentuak, Arakil eta Izako Udalek eta enpresak osatzea proposatu zuen.Harrobiaren jardunaren behar bezalako jarraipena egiteko enpresak urte hasieran lanen plana aurkeztea proposatu zuen Arakilek. Mahaiak haren jarraipena eginen luke eta plana beteko ez balitz dagozkion zigorrak jarriko lizkioke enpresari. "Baina lanean hasi aurretik harrobiaren egungo egoera zein den jakiteko ikerketa bat egitea ere eskatu genuen, gero zerekin konparatu izateko". Lazkoz haserre agertu zen: "zertarako egiten ditugu bilerak? Gero adarra jotzeko?"Arakilgo alkateak gogora ekarri du Atondoko kontzejuak Auzitegi Gorenean lortutako epai baten ondoren dagoela harrobiko jarduera geldituta. "Errestaurazio plan hau aurkeztu aurretik, enpresak ustiapena zabaltzeko plana aurkeztu zuen. Epaileek ingurumen arrazoiengatik atzera bota zuten. Izena aldatu diote eta hori da orain aurrera eraman nahi dena. Lanean hasteko lizentzia beharko du, ezta? Batez ere administrazioak kontrol lana egiteko". Administrazioen isiltasunaz baliatuz enpresak ustiapenean aurrera egin duela salatu zuen Lazkozek, "orain ezin da hasierako errestaurazio plana egin". Bestalde, Arakilgo Udalak horretan ere arduraren zati bat baduela gaineratu du. Hala ere, kontrol lana egiteko bitartekoak, udalak beharrean gobernuak dituela azpimarratu digu Lazkozek.