Ibarrak batzen dituela diote independenteek

Guaixe 2011ko maiatzaren 11

Arakilgo Talde Independentearen "helburu nagusia ibarraren alde lan egitea" dela ziurtatu du. Horregatik, 15 egitasmo zehatz aurkeztu ditu hauteskundeetarako.Lehenik, udalaren eta kontzejuen arteko harremana eta koordinazioa hobetzeko koordinatzaile bat izendatuko dute. Erakundeen arteko adostasuna bilatuko dutela diote. Aurrekontu parte-hartzaileak sustatzeko asmoa ere azaldu dute. Gainera, aurrekontuaren %0,7a garapenerako bideratu nahi dute.Euskara ordenantza garatzearekin batera, kultura, kirol eta euskara batzordeak sustatuko dituzte, kultur dinamizazio eragile izan daitezen. Horretan, kontzejuekin lan egitea proposatu dute.Hirigintza plana landu eta egungo beharretara egokitzeko asmoa azaldu dute. Aldi berean, independente arakildarrak AHTren kontra azaldu dira. Gainera, Izurdiaga, Satrustegi eta Etxarrengo kaleak eta sareak berritu nahiko lituzkete.Ingurumen arloan, ibaia eta basoak zaintzea eta hobetzea jarri dute helburu. Errausketaren kontra azaltzearekin batera energia berriztagarrien alde egin dute. Arlo horretan, Oskiako harrobiaren berreskuratze erreala betetzea zainduko dutela diote independenteek. Turismo aktiboaren alde ere azaldu dira. Enplegu politikak garatu nahi dituzte eta babestutako gizarte enplegu programarekin jarraitu ere. Horrekin lotuta Arakilgo Independenteen Taldeak gizarte zerbitzuen aldeko apustua egin du.