Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sendabelar ikastaroan egindako 270 sanjuanera ukendu pote eta hanturaren kontrako kremako 140 pote bidali dira Saharako errefuxiatu eremuetaraLarunbatean Etxaurin despeditu zuten 13 arakildarrek sendabelar ikastaroa. Aurreko bi urteetako esperientzia onaren ondoren, aurten, atzera ere, ikastaroa egin da. Laura Gurbindu izan dute irakasle. Ikasleak oso gustura egon dira irakaslearekin, eta eskertuak.Ikasitakoa praktikara eraman zuten garagarzaroaren 11n. Etxeberriko Herri Erdi elkartean bildu ziren. Aurretik jasota zituzten 36 landare motekin sanjuanera ukendua egin zuten, baita hanturaren aurkako krema ere. Ikasle bakoitzak ukendu bakoitzetik 10na eta 4na pote eraman ditu etxera. Gainontzeko pote guztiak gobernuz kanpoko erakunde baten bidez Saharako errefuxiatu eremutan bukatuko dute.Horrela despeditu zen ikastaroa. Otsailean eta martxoan oinarrizko ezagutzak jaso zituzten. Landareak ezagutu, haiek nola bildu, tratamenduetarako ukenduak, olioak, estraktuak, xaboiak eta beste egiten ikasi zuten. Eta haietan sakondu dute apiriletik aurrera. Teoria, praktika eta irteerak (Alloz eta Irunberriko Josenea) partekatu dituzte, sendabelarren inguruan behar bezala ikasteko.Ikastaroa Europako Gizarte Funtsa, Arakilgo Udala eta EHNEren bidez finantzatu da. Heldu den urtean finantzazioa izanez gero jarraituko lukete. Bestela, sendabelarrekin zerikusia duen beste jardueraren bat egin nahiko luke taldeak. Bitartean, asteazkenean xarabe bat egitera bilduko dira.