Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udan Arakilen ez dute aspertzeko betarik. Arakilgo Udalak aste honetan ireki du udako aisialdi eskaintza ludoteka ibiltari txikiarekin. Ekimena joan zen urtean antolatu zuten lehen aldiz eta, ongi funtzionatu zuela ikusita, aurten ere martxan jarri dute. Erantzuna ederra izan da: 3 eta 11 urteko 17 haurrek eman dute. Bi begirale dituzte: Olaia Beraiz satrustegiarra eta Edurne Unanua hiriberritarra.Bailarako txikienak Arakilgo herri batetik bestera ibiliko dira bi astez, garilaren 28tik 29ra. Haurrak Ihabar, Hiriberri, Satrustegi, Etxarren eta Etxeberrikoak dira eta, hortaz, herri horietan banatu dituzte ludotekako egunak. Astelehenetik ostiralera, asteazkenean izan ezik, 10:00etatik 13:30era biltzen dira herriko elkarte edo pilotalekuan. Lehen orduan jolasak egiten dituzte. 11:30 aldera, gosaltzeko txoko lasaiaren bila abiatzen dira. Ondoren, eskulanak egiten dituzte. Asteazkenean, irteera egiteko eguna izanik, 12:00etatik 20:00etara biltzen dira. Aste honetan Egiarretako Itxasperrira joatekoak ziren, baina eguraldi kaxkarra egin zuenez, Satrustegiko elkartean geratu ziren. Bazkalostean erroskilla goxo-goxoak egin zituzten. Datorren asteazkenean Irurtzungo igerilekuetara joateko asmoa dute. Jarduera guztiak euskaraz dira, "Arakilgo familia batera etorri den haur bat ez beste guztiak euskaldunak dira. Haren anaiak adi-adi egoten dira eta ongi moldatzen da" esan digu Olaia Beraizek.Arakilgo Udalak aisialdiko jarduera gehiago antolatzea aurreikusten du, besteak beste, multikirolak eta astebeteko udalekua. Aurki emanen dute haien berri.