Arakildarrak euripean bilduta

Guaixe 2011ko uztailaren 26a

Bitan biltzen dira arakildarrak Itxasperrin, San Isidro egunean eta ibarreko egunean, Santiagon. Aurten bietan eguraldi txarra egin du. Bereziki, azken horretan, asteartean. Aralarko aingerua Egiarretan bisitan zela baliatuz, harekin eta Uharte Arakilgo erraldoi eta buruhandien konpartsaz lagunduta kalejiran joan ziren Itxasperriko Santiago ermitara. Eguerdian han makina bat arakildar bildu ziren, elizkizunean. Euria gogoz ari zenez, ermita erromanikoaren inguruan aurreikusitako guztia Egiarretara lekualdatu zuten, herriko frontoian jarrita zegoen estalpera hain zuzen ere. Hara bildu ziren guztiek lehen-lehenik udalak omendutako arakildarrei txalo egin zieten. Xaniturri emakume elkarteak egindako lana eskertu zuen Arakilgo Udalaren izenean Ruben Goñi alkateak. Bigarren omendua Jose Javier Zabaleta Lasa pilotari etxarrendarra izan zen. Goñik goraipatu egin zuen gazte kirolariak Arakilen izena Euskal Herri guztian zabaltzea. OmenduakXanitturri emakume elkartearen izenean oroigarria Lourdes Cabello Barroso etxarrendarrak jaso zuen. Cabellok esan zigunez, "sorpresaz" hartu zuten saria. Sanitturri elkartean 30 eta 75 urte bitarteko 55 emakume biltzen dira. Haien jarduna aisialdi ikastaroak antolatzean datza, soinketa eta eskulanak bereziki. Etxarrenen tokia dutenez, han biltzen direla azaldu zigun, horretan 8-10 urte daramatela gaineratuz. Jose Javier Zabaletak pozik hartu zuen arakildarren aitortza. Ilbeltzean debutatu zuen profesionaletan. Gustura hasi zen, baina eskuko minez, justu antza ibili da. Baina onera egin du eta uda partean jarri dizkioten partidak ederrak direla eta ilusioz hartu dituela jakinarazi digu. OspakizunaEuriagatik aterpean bete zen egitaraua. Hala izan zen, omenaldi ondorengo otamenarekin, herri kirol erakustaldiarekin (enborrak tokiz mugitu behar izan ziren), bazkariarekin (170 pertsona inguru) eta mahai jokoen txapelketekin ere. Iluntzean, Aupena ni! Kantatu ondoren nork bere etxeko bidea hartu zuen.