Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Termometroa jaisten eta zerua lainotzen hasi zaigun honetan, proposamen erakargarria datorkigu Arakil eta Imotz aldetik. Ihabarren, Irurtzunen eta Etxalekun bertso afari bana antolatu dute. Bihar mustuko dute Bertsoaldia Ihabarko saioarekin.Iñaki Muruak eta Millan Telleriak mustuko dute 2011ko Bertsoaldia. Ihabarko herriko etxeak hartuko du bertso saioa. Arakilgo udazkeneko kultur agendaren barruan antolatutako mendi proiekzioaren ondoren izanen da, 21:30ean. 35 bat bertsozalek eman du izena bertso afarirako. Sabela beteta dutela, adimenaren eta umorearen zakua asetzeaz arduratuko dira Iñaki Murua eta Millan Telleria gipuzkoarrak. Bertso zikloak jarraipena izanen du datorren hilean, Irurtzunen. Aizpea euskara taldeak Julio Sotoren eta Amets Arzallusen bertso afaria antolatu du euskal ekitaldien barruan. Izena eman daiteke Iratxo eta Pikuxar elkarteetan. Bertsozaleek Etxalekun dute azken hitzordua, ilbeltzaren 21ean. Urte berrian Julio Soto, Nafarroako txapeldunak Iker Zubeldia izanen du lagun. Etxalekuko ostatuan eman behar da izena.Bertsoaldia Arakilgo kultur eta euskara batzordeak, Irurtzungo Aizpea euskara taldeak eta Imozko Udalak antolatzen dute. Hiru saioetara doazenek opari ederrak jasoko dituzte.BertsoaldiaIñaki Murua eta Millan Telleria. Azaroak 26, larunbatean, 21:30ean, Ihabarren.Julio Soto eta Amets Arzallus. Abenduaren 17an, larunbatean, 21:30ean, Irurtzunen.Julio Soto eta Iker Zubeldia. Ilbeltzaren 21ean, larunbatean, 21:30ean, Etxalekuko Ostatuan.