Hirigintza plana "bahituta"

Guaixe 2011ko azaroaren 24a

Arakilgo Udala azpiegitura horren kontra dago eta, gainera, uste du ibilbide posibleak markatzea ez dela bere egitekoa Arakilgo udal ordezkariak Ruben Goñi Urroz alkatea buru zutela lastail akaberan Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu ziren. Arakilgo Udala duela lau bat urte hasi zen hirigintza araudi berria lantzen. Garilean bi urte bete ziren Arakilgo Udalak hirigintza plan berriko oinarria den Lurralde Okupazioarako Estrategia Eredua (LOEE) gobernuan aurkeztu zuela eta oraindik ez du oniritzirik jaso. Gobernuaren arrazoia Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbiderako lur erreserbarik ez dela jaso. Goñik Beleixe irratian (FM 107,3) esan zuenez, "guk hirigintza planean ez dugu jaso behar AHT nondik pasako den. Horretarako, lehenik eta behin gobernuak jakin behar du nondik pasa behar den". Arakilgo Udala ez du bat egiten AHT egitasmoarekin eta beste alternatiba batzuk daudela azpimarratu zuen Goñik, eta gaineratu zuen Nafarroako Gobernuak aurrera egin nahi badu "egitasmoa udalez gaindiko plan sektorial baten edo bestelako tresnen bidez inposatu beharko du". Horregatik, hirigintza plan berria ez atzera ez aurrera dago Nafarroako Gobernuaren eskutan.  Arakilgo alkateak Beleixe irratian (FM 107,3) esan zuenez, hauteskundeen ondoren udalean kide berriak daude eta planari "buelta bat" eman nahi diote. Bitartean, Goñik azaldu zuenez, "udalera etortzen diren herritarrei saiatzen gara ahalik eta erraztasun gehienak ematen, arauak aldatzeko eta etxebizitza bat edo dena delako jaso dezaten". Beti ere, hirigintza planean aurreikusitako eremuetarako baimenak ematen dituztela zehaztu zuen alkateak. K-12Himalayako mendi baten izena izan zitekeen, baina ez, Arakilgo Udalaren funtzionamendu sistema berriaren izena da. Arakilgo ibarra 12 kontzejuz osatuta dago eta legegintzaldi honetan bilerak udaletxean egiteaz gain kontzejuetan ere egiten ditu udalak. Goñik Beleixe irratian (FM 107,3) argudiatu du horrela lekuak ezagutu eta haien arteko harremanak estutzeko balio duela. "Udala kontzejuetara eramateko beharra sumatu genuen. Ideia da denon artean kudeatzea, bai kontzejuekin, bai biztanleekin". Arakilgo zinegotziak hiru batzordetan banatuta ari dira lanean. Hiru batzordeetan ere makina bat gai lantzen dira. Baten buru Beñat Jauregi eta beste biena alkatea bera. LogistikazIrurtzun aldean kokatu nahi den logistika guneaz Arakilgo Udalak ez du inolako informazio ofizialik eta argibideak jasotzeko bilera eskatuko du.