Abenduan hasiko da Oskiako harrobiaren errestaurazio plana

Guaixe 2011ko azaroaren 30a

Miguel Sanz buru zuen gobernuaren azken bileran onartu zen Oskiako harrobiaren erabilera onura publikotzat jotzea, desjabetzeko. Horrekin batera, gobernuak harrobiaren errestaurazio planak aurrera eramateko ikututako ondasun eta eskubideen okupazioa beharrezkotzat eta premiazkotzat jo zuen. Okupazio horren onuradun Canteras de Oskia SL enpresa egin zuen. Urteetako ustiaketaren ondoren Oskiako harrobian segurtasun arrazoiengatik eginen da errestaurazio plana. Hala jakinarazi zioten Nafarroako Gobernutik Arakilgo alkate Ruben Goñiri: "alde batetik, harrobiko mailak ez dute mehatzeen inguruko legeak agindutakoa betetzen. Eta, bestetik, ustiaketaren ondoren Bizkai mendiaren tontorra ezegonkor dago". Horregatik, mendiari punta janen diote, harrobiko mailak zabaldu eta dauden maldak leundu eginen ditu enpresak, Canteras de Oskiak. Lan horiek egin ondoren, lurra zabaldu eta zuhaitzak landuko dituzte. Enpresak 13-14 fasetan eginen ditu lanak eta 10 urte izanen ditu lanak despeditzeko. Fase bakoitzean enpresak egin beharreko lanak eta bete beharreko epeak zehaztuta daude. Behetik gora eginen dira lanak. Arakilgo alkateak esan digunez, udalean denek garbi dute gobernuak baimendutakoa "estalitako ustiapena" dela, "errestauratzeko ustiatuko dute". Nafarroako Gobernutik Arakilgo Udalari jakinarazi dionez, enpresak faseak eta epeak bete beharko ditu. Bestela gobernuaren isuna jasoko luke. Gaur egungo krisiagatik material eskaera handirik ez badago ere, enpresak errestaurazio plana bete beharko du. Jarraipen batzordeaGobernuak udaberrian erabakia hartu aurreko bileretan Arakilgo Udalak proposatu zuen Oskiako harrobien inguruan jarraipen batzorde bat osatzea. Azaroaren 11n eratu zen Itzako udaletxean egindako bilera batean. Jarraipen batzorde horretan ordezkaritza dute Nafarroako Gobernuak (ingurumen eta mehatze teknikariak), enpresa ustiatzaileak, Atondo eta Errozko kontzejuek eta Itza eta Arakilgo udalek. Harrobiaren jarraipen batzordearen egitekoa kontrol lana eta behaketa da. Kontrol lana egiteko enpresaren eta Nafarroako Gobernuaren txostenak izanen dira oinarri. Gobernutik prest azaldu ziren, behar izanez gero eta udal eta kontzejuek hala eskatzen badute, teknikari independente bat ere ordaintzeko. Arakilgo Udalak, bestalde, bestelako neurri batzuk ere eskatu ditu. "Fase bakoitzean lanaren mugak non dauden markatu behar dira, mugarri batzuk jarri, gero GPS bidez jarraipena egiteko", esan du Goñik. Harrobi inguruan ibiltzeko asmoa ere badute udalekoek. Harrobia bertatik bertara ezagutzeko aukera zubiaren ondoren eta eguberrien aurretik izanen dute hautetsiek. Harrobia gaur egun nola dagoen ikusiko dute, gerora faseak egoki betetzen ari diren zehatz jakiteko. Egun horretan bertan okupazio akta jasoko dute eta enpresa harrobian lanean hasteko prest egonen da. Errestaurazio plana aurrera eramateko Canteras de Oskia enpresak bide berriak zabaldu beharko ditu Bizkai mendian. Horretarako Arakilgo Udalaren obra lizentzia beharko du. Bestalde, udalak Canteras de Oskiak eta Hormigones Oskiak Errotzen dituzten jarduerak erregulatzeko  esku hartuko du. AurkezpenaIlbeltzean errestaurazio planaren aurkezpen publikoa eginen da Errotzen.