Legegintzaldiko lanen lehentasuna markatzeko bilera

Guaixe 2012ko otsailaren 8a

Arakil ibarreko dozena bat herriak bisitatu zituzten alkateak, idazkariak eta udal langile batek. Kontzejuetako kideekin bildu ziren. Herri bakoitzean zer dagoen eta zer premia dituzten jaso zuten udal ordezkariek eta horrekin zerrenda bat egin zuten. Arakilgo herrietan dauden premia guztien zerrenda ilbeltzaren 26an K-12ren bileran aurkeztu zen, hau da, Arakilgo Udala eta ibarra osatzen duten kontzejuen bileran. Hori kontuan izanik, kontzejuetako kideei "etxeko lanak" jarri zizkietela esan digu Ruben Goñi Urroz alkateak. "Egitekoen artean premiazkoenak zein diren esan dezatela. Eta horrela legegintzaldiko lehentasunezko lanak markatuko ditugu".AholkuaGaur egun hirigintza baimenak emateko eskumena kontzejuena da, nahiz eta horretarako udalaren txosten loteslea behar. Arakilgo bi kontzeju ez beste guztiek hirigintza eskumenak udalaren esku utziak dituzte. Delegazio hori apirila aldera berritu behar da eta K-12ko bileran Goñik kontzejuei hirigintza eskumenak udalaren esku uztea aholkatu zien. Udalak baliabide egokiak ditu, kontzejuek ez bezala. Udalaren asmoa da proiektu baten berri jasotzen duenean haren kopia dagokion kontzejuari bidaltzea.Bestalde, hirigintza arloan sortu diren arazo batzuk eragozteko udalak zenbait neurri hartuko dituela azaldu zien bildutakoei. Alde batetik, espazio publikoarekin muga egiten duten lursailak itxi nahi direnean birplanteatze akta jasoko da, udal eta kontzejuko ordezkariak eta lur-jabea elkarrekin daudela. Horrekin batera, baimenik gabe egiten ari den eraikuntza lan baten berri izatean, eraikitzaileari 15 eguneko epea emanen dio udalak lana legeztatzeko.Kontzejuendako laguntzaArakilgo aurrekontuan 30.000 euroko diru partida dago 12 kontzejuen artean banatzeko. Kontzeju guztiek laguntza bi zatitan jasotzen dute, bat finkoa eta bestea populazioaren araberakoa. Horretaz gain, udalak 5.000 euroko diru-laguntza deialdia eginen du kontzeju-etxetako azpiegiturak egokitu eta haietan jarduerak egin ahal izateko.