Udalak autopistaren gaineko zerga aztertuko du

Guaixe 2012ko otsailaren 28a

Epai batek autopistei zergak ordaintzera behartzen ditu. Arakilgo Udalak epaiaren inguruko informazioa jasoko du gero aztertzeko. Autopistak orain arte ez du sekula udal-zergarik ordaindu Autopistak zeharkatzen duten udalerrietako udalei zergak ordaindu behar dizkiete. Iruñeko Administrazioarekiko 3. auzi epaitegiaren epaiak hala dio, Tuterako Udalari arrazoia emanez. Autopistek bidesaria dutenez zerga ordaintzera behartuta daudela dio epaiak. Gainera, Nafarroako Gobernua behartu du autopistei ondasun berezia izendapena ematera. Horrekin batera, epaiak foru administrazioa behartzen du ondasun horien banakako balorazioa egin eta Lur Ondasun Erregistroan sar ditzala, udalek zerga kobratu ahal izateko. Epai horren aurretik Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion Calahorrako Udalari. Tuterako Udalaren epaiaren berri jaso du Arakilgo Udalak. Ruben Goñi Urroz alkateak azaldu digunez, informazio eskatu eginen dute. Hura jaso eta aztertu ondoren, egoki joz gero dagokion eskaera eginen luke udalak. Goñik azaldu digunez, aste honetan gaia aztertzeko asmoa du udalak. Nafarroako Gobernuak zergen %95 ordaindu beharko luke eta gainontzekoa Audenasa enpresak. Zerga hori kobratzeko zein parametro hartu behar diren kontuan zehaztu behar du Ogasun Departamentuak. Nafarroako Autopista (AP-15) Arakilen 4,2 km inguru ditu.MozioakArakilgo Udalak azken bilkuran Areso, Lesaka eta beste udal batzuen eskaerarekin bat egin zuen. Udazkenean izandako uholdeek gogor kaltetu zituzten eta kalteak ordaintzen laguntza emateko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Bestalde, independenteen aldeko bozekin mozioa onartu zuen udalak, Sakanako Mankomunitateari Immigrazio Zerbitzua jarraitzeko eskatuz eta horretarako beharrezko kudeaketa egiteko, "kendu beharrean, egokitu dezatela". Gizarte Zerbitzuen ordezkariekin izandako bileraren ondoren aurkeztu zuen independenteen taldeak idatzia. Bilduko zinegotziek plenoan testuaren berri izan zuten eta, horregatik, bozketan ez parte hartzea erabaki zuten. Haiek ere zerbitzua kentzearen alde ez daudela azaldu digute eta hala sinatu dutela Gizarte Zerbitzuek udalei bidalitako dokumentuan.  Bestalde, Arakilgo Udalak Urritzolan hirigintza gai bategatik 5.000 euroko isun bat jarri zuen. Udalak batzarrean erabaki zuen isuna jaso zuen pertsonak hura dirutan ordaindu beharrean Satrustegin udalerako lan bat eginez, botatako pareta bat jasoz, ordaintzea.