Senideak zaintzen dituztenei laguntzeko zerbitzua

Guaixe 2012ko maiatzaren 24a

Ezer martxan jarri aurretik, arakildarrek zerbitzua behar duten edo zer nolako eskaera dagoen jakin nahi du Arakilgo Udalak. Horregatik, 9486 500 101 telefonora hots egitera gonbidatu ditu interesatuak. Arakilgo Udalaren asmoa hurbiltasun eta arnasaldi zerbitzua martxan jartzea litzateke. Horretarako bi pertsona kontratatuko lituzke, lanaldi laburrean. Egitasmoak aurrera eginen balu bi egiteko lituzkete bi pertsona horiek. Batetik, zaintza berezia duten pertsonen familietan senide zaintzaileak atseden une bat izateko aukera eskaintzea. Bestetik, pertsona helduak edo bakarrik bizi diren arakildarrei etxean lagunduko liekete. Esaterako, mandatuak egiten lagunduz, etxean hizketaldiak izanez, pasioak eta beste.