Zabaleta bi urte gehiago Aspen

Guaixe 2012ko urriaren 1a

Krisi garaian murrizketa kontuak entzutera ohitu gara, eta horregatik kontratuak lortu edo berritzearen asuntoa ia harrigarri egiten zaigu, notizia pozgarria zalantzarik gabe. Aspe pilota enpresak azaldu duenez, Jose Javier Zabaleta pilotari etxarrendarrari beste bi urterako luzatu dio kontratua. Sakandarrak 2013ra arteko kontratua zuen, eta luzatze horren ondorioz, 2015era arte jarraituko du Asperekin txuriz janzten. Jose Jabier Zabaleta atzelari etxarrendarrak iaz debutatu zuen Asperekin, 2011ko ilbeltzaren 6an, hain zuzen. 2013ko abendura arteko kontratua zuen indarrean, baina atzelari sakandarra gehiago lotu nahian enpresak beste bi urte luzatu dio kontratua, 2015eko abendura arte, hain zuzen. Maila bikaina ematen ari da Zabaleta. Duela gutxi, Logroñoko San Mateotan, ardoaren desafioa irabazi zuen Juan Martinez de Irujo lagun zuela Olaizola II.aren eta Beroizen kontra (22-12), atzeko koadroetan jaun eta jabe arituz. Zabaleta berak Asperen web gunean azaldu duenez, oso ilusionatuta dago kontratuaren luzapenarekin. "Oso pozik nago. Ez nuen espero eta horregatik poztasuna handiagoa da" adierazi du aipatu web gunean. Zabaletak argi ditu zein diren bere helburuak. "Promozioko lau t´erdian lan ona egin nahi dut. Bestalde, binakako partidetan hobetzen jarraitu nahiko nuke eta Lehen Mailako Binakako txapelketarako zalantzaren bat sortzen saiatu" gaineratu du etxarrendarrak.