Hemen da kultur astea

Guaixe 2012ko urriaren 19a

Arakilgo Udalak udazkenerako kultur agenda prestatu du eta egitaraua gaur bertan mustuko da. Antzerki emanaldi batekin abiatuko da kultura agenda. Ihabarko antzerki taldeak Peter Pan antzelana eskainiko du. Emanaldia Ihabarren bertan izanen da, 21:00etan. Bihar, larunbata, Arakilgo kultur agendak 16:30ean jarri du hitzordua Etxeberrin. Herriko plazatik Axitako gaztelura ibilbide gidatua abiatuko da. Behin gazteluan mugarria mustuko da. Nafarroako erreinua defendatu zuten gazteluak mugarritu dira aurten, Nafarroako konkistaren V. mendeurrenean. Gaztelutik bueltan, 19:00etan, Aixita gazteluari buruzko erakusketa ikusteko aukera izanen da. Gainera, Iñaki Sagredok gazteluari buruzko argibideak emanen ditu. Etxeberriko elkartean izanen da. Ibilbideak Arakilgo Udalak Irurtzungoarekin batera bi udalerrietako bidexketatik ibilaldia egiteko gonbitea egin dute hilaren 28rako. Ibilbide luzea egin nahi dutenak 9:30ean abiatuko dira Irurtzungo Plazaolatik. Ibilbide motzak haurrendako animazioa izanen du eta 11:30ean Irurtzungo Albaitaritza enpresa ingurutik irtengo da. Ibilbidea despeditu ondoren, Iratxo elkartean bazkaria izanen da. Abenduaren 8an Durangoko liburu eta disko azoka bisitatzeko gonbitea egin du Arakilgo Udalak. Hirugarren eta azken irteera abenduaren 15erako dago iragarrita. Arabako Guardiako Ysios upategia ezagutzeko aukera izanen dute bidaian izena ematen dutenek. Izena abenduaren 4ra arte emateko aukera izanen da. GehiagoArakilgo eta Irurtzungo ondare inmaterialaren bilketaren laburpena aurkeztuko da azaroaren 9an. Irurtzungo Atakondoa eskola publikoko jangelan izanen da. Eta abenduaren batean Hiriberrin haurrek euskarazko film bat ikusi eta txokolatea dastatzeko aukera izanen dute. Eguna borobiltzeko Etxarrenen bertso afaria izanen da.