Hurbiltasun eta arnasaldi zerbitzuak martxan segituko du

Guaixe 2012ko urriaren 23a

Udalak izan dezakeen harrera ezagutu nahi du eta interesatuei 948 500 101 telefonora hots egitea eskatu dieMaiatzean jarri zuen martxan Arakilgo Udalak hurbiltasun eta arnasaldi zerbitzua. Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen koordinatuta abiatu zen eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza batekin. Azken hori lastailarekin batera bukatuko da. Arakilgo alkate Ruben Goñik azaldu digunez zerbitzuak eman dituen emaitza onak ikusita eskaintzarekin aurrera segitzea erabaki dute. Hurbiltasun eta arnasaldi zerbitzuak gaur egun 6 erabiltzaile ditu Errotzen, Etxeberrin eta Ihabarren. Langile bat aritzen da astean 26 ordu lan eginez. Beharren arabera pertsona batekin astean 4, 6 edo 8 ordu egoten da. Alkateak esan digunez, adineko jendeak etxean bizi nahi du. "bakarrik daudeneni laguntza eskaintzen die zerbitzuak eta familia dutenen kasuan zaintzaileak atseden hartzeko aukera du. Goñik azaldu digunez, jendeari sartzea kosta zitzaion baina behin ezagututa balorazio ona da. Arakilgo Udalak eskaintzen duen zerbitzua ez da etxeko lanak egiteko. Baizik eta zaintza berezia behar duten pertsonen familietan senide zaintzaileei atseden une bat eskaintzea. Mugikortasun arazoak edo emozionalak dituzten pertsonak dira. Haiekin, egon, paseatu, etxean hizketaldiak izan... halakoetarako dago zerbitzua. FinantziazioaDiru-laguntzak heldu den urtean bueltatu daitezke, bitartean zerbitzuaren kostua udalaren eta erabiltzaileen artean erdibana egitea erabaki du udalak. Erabiltzaileek orduko 6 euro ordainduko lituzkete. Udalak, gainera, bere gain hartuko luke langilearen bidaien gastua.