Ibiltariendako zubia

Guaixe 2012ko aza. 15a, 18:59

Asteartean, Biaizpen, Larraun ibaia zeharkatzeko zubia jarri zen. Garai batean inguru hartan Aixitako errota omen zegoen. Oinezkoendako zubiak 21,5 metro luze eta 1,5 metro zabal ditu. Zubi horrek Larraun ibaiaren aldi bietara dauden oinezkoendako ibilbideak batu ditu. Horrela, Irurtzunek Erga magalean dituen ibilbideak, Plazaolakoa eta Arakil Etxeberri inguruan sortzen ari dena lotuko da. Arakilgo ibilbideak prestatzeko lanak nahiko aurreratuak daude. Udala kontzejuekin harremanetan jarri da ibilbide sare hori etorkizunean zabaltzeko. Gainera, bideen sarea herrietako puntu interesgarriekin lotu nahi lukete, turismorako erakargarri izateko. Esaterako, Etxeberritik Aixitako gaztelurako bidea prestatuko da. Arakilgo Udalak aurten ibilbideak prestatzeko 87.000 euroko inbertsioa egin du: 10.354,81 bideak egiteko, 13.030,66 euro seinaleztapena eta pasabidea eta eskailera 44.414,65 euro (guztia BEZ kanpo), %65ean Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta dagoena. Udalak 22.000 euro aurreikusi du bere aurrekontuan. Asteartean jarritako zubiaren kasuan diruz lagunduko ez den zatiaren erdia Irurtzungo Udalak ordainduko du.