Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo pilota aueraketa egin zuten, Labriten, Jose Javier Zabaletak-Irujok eta Iker Arretxe-Beginok. "Gure pilotak bote erdikoak dira eta euren bi pilotek, aldiz, bote gehiago dute" adierazi du Zabaletak. Larunbateko arerioei buruz etxarrendarrak nabarmendu du "oso fin ari direla" eta Beginori "errespetu handia diola, atzelari oso indartsua" delako. Binakako Txapelketan gustura dabil Jose Javier Zabaleta. "Ongi hasi ginen, gero bi partida okerragoak izan genituen... baina bost jardunaldietatik 4 irabazi ditugu eta pozik gaude" aipatu dio Guaixeri. Komunikabideetan sarritan aipatzen da Jose Javier Zabaleta Binakako sentsazioetako bat izaten ari dela. Olaizola berak ere hori nabarmendu zuen. "Beno, halako gauzak entzun, entzuten dituzu, baina nik nire egunerokoarekin jarraitzen dut" dio, beti bezain umil, Etxarrengoak. Irujorekin aritzeagatik ikaragarri pozik dago. "Udan partida batzuk jokatu genituen baina gero txapelketan hastea kosta egiten da. Dena den, partidaz partida hobeto gaude" nabarmentzen du. Irujo urduria denez, eta bera lasaia, bere lasaitasun horrek Iberokoari mesede egingo diola galdegin diogu. "Beno... baietz uste dut, Irujo partidaz partida gero eta hobe eta serioago ari baita" dio.Larunbateko partidaren inguruan arerio guztiak serioak eta gogorrak direla nabarmentzen du Zabaletak. "Hasierako liga bukatzeko 9 jardunaldi gelditzen zaizkigu oraindik. Egun puntu bat dutenek pare bat partida irabazita goian sar daitezke. Partida guztiak nibelatuak izaten ari dira, tanto gutxiren aldearekin. Begino oso ongi ikusi nuen asteartean, motibatuta, sekulako indarrarekin joz" esan zigun. Berak ere pilota sekulako indarrarekin astintzen duela erantzun genionean, "beno, saiatzen gara..." erantzun zigun. Umila bezain handia eta jatorra, zalantzarik gabe.