Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alberto Ongay satrustegiarrak 2008ko otsailaren 29an debutatu zuen profesional moduan, Irurtzungo Bi Aizpen, Asperekin. 5 urte pasa eta gero, Aspek ez dio kontratua berrituko 26 urteko gazteari. "Aspetik argi esan didate ez dela errendimendu faltagatik edo kirol irizpideengatik, baizik eta beste faktoreengatik" adierazi dio Satrustegikoak Guaixeari. Alde horretatik, beraz, lasai dago Alberto. Arrazoia, ekonomikoaIzan ere, krisia asko nabaritzen ari da pilota profesionalean. "Pilotari asko gaude eta festibal guzti. Ez dago guztiendako festibalik. Eta horren eraginez, kontratua bukatzen zaienei ez zaie berrituko. Hori arrazoitu zidaten. Orain, Binakako txapelketara jende asko doa frontoietara, baina uda ez zen oso ona izan enpresendako. Igual iaz baino 30 festibal gutxiago atera ziren. Eta apustutan ere diru askoz ere gutxiago jokatzen da. Izugarri jaitsi omen da. Egia esan, honek horrela jarraitzen badu pilota profesionalak, ezagutzen dugun moduan, ez dakit zenbat iraungo duen. Egun telebistengatik mantentzen da, telebistek dirua jartzen dutelako, baina telebistek utziko balute..." kontatu digu Albertok. Afizionatuetan jarraituko duSatrustegikoa ez dugu triste topatu. "Triste? Ez. Gauzak onartu behar dituzu. Gauzak ez daude ongi ekonomikoki, eta niri argi esan zidaten ez zela kirol irizpideengatik. Enkajatu behar duzu" nabarmendu du. Nolanahi ere, Ongayk ez du pilota uzteko inolako asmorik. "Ohiko prestakuntzarekin jarraituko dut. Gainera, oso gustuko dut gimnasiora joatea eta pilotan aritzea. Nafarroako Pilota Federazioan fitxa aterako dut, tramiteak bidean daude, eta berehala afizionatuetan hasteko asmoa dut. Eta udan GARFE-rekin pilota partida batzuk jokatzeko asmoa ere badut" kontatu digu pilotari sakandarrak. Ea dena bikain doakion.