Zabaletak burua finalean

Guaixe 2013ko apirilaren 18a

Binakako finalak piztu duen ikusmina izugarria da eta sarrera guztiak agortuta daude. Orain arte Irujo eta Jose Javier Zabaleta ziren, aldearekin, faborito nagusiak, baina finalerdietan Berasaluze II.ak eta Albisuk emandako maila bikainak - 22-14 irabazi zieten Irujo-Zabaletari - zalantzan jarri du hori eta finala oso estua aurreikusten da. Zabaleta: "finala estua izango da""Ez dago faborito argirik. Bi bikoteak orekatuta gaude eta finala oso estua izango da" adierazi digu Zabaletak. Egun hauetan medioak atenditzen nahikoa lan izaten ari da etxarrendarra, baina beti hartzen gaitu ongi. "Lasai nago, baina pentsatzen dut hurrengo astean urduritasuna nabaritzen hasiko naizela" kontatu digu. Izan ere, finalaren presioa handia izango da oso. Berasaluze eta Albisu oso ondo ikusten ditu etxarrendarrak. "Hasieran juxtu samar hasi ziren baina orain konfiantzarekin daude, ongi. Arerio latzak dira. Dena den, finala beti izaten da partida ezberdina, ez da ligaxkakoetako bat edo finalerdietako bat bezalakoa izango" gaineratu du. Egindakoarekin pozik dago. "Debutatu eta finalera heldu. Oso pozik nago. Eta behin helduta, dena nahi duzu" dio. Lortutakoaz kontziente ote den galdetu diogu. "Txikitatik nirekin doan Ferminek esaten dit: uste dut ez zarela konturatzen noraino heldu zaren. Bestela ez zinateke hain lasai egongo. Hori izango da" dio. Gaur Irujok eta Zabaletak Bilbon entrenatuko dute, arratsaldez. Goizean Berasaluze eta Albisu ariko dira.