Irujo-Zabaleta txapeldun

Guaixe 2013ko apirilaren 29a

Historia egiteko moduko finala aurreikusten zen. Bilboko Bizkaia pilotalekuko 3.000 eserlekuak mukuru beteta, txapela kentzeko moduko giroa eta finalera iritsi ziren lau pilotariak, Irujo-Zabaleta eta Berasaluze II-Albisu, sasoi betean. Partida hasi eta espero moduko lehia estua hasi zen, eta bi bikoak igualtsu: Zabaleta eta Albisu atzean gozatzen eta izugarri jokatzen, etxarrendarra akaso pixkat gehiago aginduz, eta aurreko koadroetan Pablo Berasaluze eta Irujo geroz eta gehiago jokoan sartzen. Baina markagailua Irujo-Zabaletaren aldeko 5-4arekin zegoela guztia pikutara joan zen. Pablo Berasaluzek lurrean bukatu zuen, minaren minez bihurrituta. Eta pronostiko okerrenak konfirmatu egin ziren: Akilesen tendoia apurtu zuen berriztarrak, "latigazo" famatua. Gaurko erresonantzia eta proben konfirmazioen zain, ziurrenik kirofanotik pasa beharko du Berasaluzek eta hilabete luzeko errehabilitazioa izanen du aurretik. Ea zortea duen eta bizkaitarra osatzen den. Pena handiaBerasaluze kantxara atera zen agur esan eta pilotazaleei eskerrak ematera. Bizkaia pilotalekuak, zutituta, ohore egin zion bizkaitarrari. Beste hiru finalistak izoztuta gelditu ziren. Gainera, enpresek hartutako erabakia, hasierako partida jokatu zuen Xala kantxara atera arazi, Albisurekin bikotea osatzeko, Irujo-Zabaletaren kontra aritzeko, ez zen erabakirik onena izan. Xala nekatuta zegoen eta gainontzeko hirurak deseroso, Albisu bereziki. 11-16 gailendu ziren Irujo-Zabaleta piperrik gabeko lehian. Bukaeran sari ematea izan zen, gazi-gozoa. Txapeldunordeen trofeoa jaso zuten Albisuk eta makuiluekin kantxara atera zen Berasaluzek, txalo zaparrada izugarrien artean, Bizkaia frontoia zutituta zegoela, eta txapeldunen trofeoa eta txapela Juan Martinez de Irujok eta Jose Javier Zabaletak. Ez zituzten horrenbesteko txaloak jaso eta txistuak entzun ziren. Jokaera horiek ez daude ongi, nafarrek ez baitzuten inolako errurik izan. Txapela gazi-gozoaIzan ere Irujori eta Zabalatari ez zitzaien gustatu txapela horrela irabaztea. Nahiago lukete finala jokatu ondoren txapela janztea. Baina Irujok aipatu zuen bezala "onerako eta txarrerako, hau kirola da". Txapeldunen lehendabiziko hitzak Berasaluzerendako izan ziren, berriztarrari ahalik eta errekuperazio onena opatuz. "Denondako kolpe izugarria izan da hau, bereziki Pablitorendako, baina baita guretako ere, garaipen gazi-gozoa delako. Txapelketa ona egin dugu, ligaxka oso ona, eta egia da finalean edozer gerta ahal zela. Partida oso berdindua zihoan. Baina hau gertatu da. Ez dakit justua den hala ez baina kirola horrela da. Denbora pasatu ahala txapelarengatik kontentu egongo gara. Baina guk egindako txapelketa onari emandako sari bat bezala hartzen dugu txapela" nabarmendu zuen Irujok.Debut tristeaZabaletak onartu zuen ez zegoela pozik finala nola bukatu zen kontuan hartuta. "Pabloren lesioarena pena handia izan da". Etxarrengo atzelariak, gainera, aipatu zuen aldageletan zeudela galdetu egin zuela ea zer gertatuko litzateke norbait lesionatuko balitz, eta, tamalez, hori bera gertatu zen. Beste aldetik, atzelaria kontentu zegoen. "Kontentu nago egin dugun txapelketarengatik, oso erregularrak izan gara" adierazi zuen. Txapela aitari bereziki, gainontzeko senitartekoei eta lagun guztiei eskaini zien. Zaletuendako hitzak izan zituen. "Penagarria izan da. Ilusio askorekin etorri dira finalaz eta ospakizunetaz gozatzera. Baina uste dut kontentu egongo direla, ni bezala, egin dugun txapelketagatik" azaldu zuen. Albisuk Pablo zuen gogoan uneoro. "Finala galtzea bigarren mailako zerbait da. Okerrena lagun bat sufritzen ikustea da, lesio larri horrengatik sufritzen ikustea" zioen bihotz oneko ataundarrak. Errekuperazio azkarra opa zion Albisuk Pablori "kantxek Pablo behar dutelako". Lesioa gertatu ahal zen okerrena zela berretsi zuen. "Guztiendako, bai guretzat eta baita jendearendako, jende asko etorri delako frontoira, giro ikaragarria zegoen". Irujok eta Zabaletak La Runa sagardotegian ospatu zuten txapelketa irabazi izana.