Tokiko ekonomia aktibatu eta suspertzeko plana martxan jarri du udalak

Guaixe 2013ko maiatzaren 2a

Tokiko ekonomia suspertzeko planaren bidez Arakilgo Udalak kontzejuek proposatutako lanak finantzatuko ditu. Arakilgo Udalak 120.000 euroko diru-poltsa du planerako, diruzaintzako soberakinetik bideratuko dena. Arakilgo Udalak, gainera, ez du baztertzen kopuru hori handitzea, soberakin gehiago badu. Kontzejuek proposatzen dituzten lanen aurrekontuaren erdia ordainduko du udalak. Arakilgo kontzejuek udalak jarritako diru kopuru bera edo handiagoa jarri beharko dute. Beraz, 240.000 euroko balioa duten lanak eginen dira Arakilen. Arakilgo Kontzejuak maiatzaren 27ra arteko epea izanen dute haien proposamenak egiteko. Jasotakoak udalean baloratu eta garagartzaroaren 15erako udalak zein lan lagunduko dituen jakinaraziko du. Udalak jarritako baldintzen arabera, kontzejuek inbertitu nahi den azpiegituren, espazioen edo zerbitzuen jabetza izan behar dute. Bestela, erabilera publikoko edo herriari mozkinak sorrarazten dien kontzeju edo udal ondasunak dira. Arakilgo Udalak plana osteguneko bilkuran ondartu zuen. Baina aurretik kontzejuekin bilerak eta aurkezpenak egin izan dituzte eta prozesu horretan udalak hainbat ekarpen jaso ditu.  Egur loteak Arakilgo Udalak kontzejuetako loteak moztu eta garraiatzeko eskaintza bateratua egitea erabaki zuen ostegunean. Pasa den urteko esperientzia positiboaren ondoren honako kontzejuak dira aurten egur loteak elkarrekin kudeatuko dituztenak: Aizkorbe, Etxeberri, Etxarren, Zuhatzu, Satrustegi eta Ihabar. Hori bai, aurten ez dute Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik izanen.