Jaunarenak Buruz Burukotik kanpo utzi du Zabaleta

Guaixe 2013ko maiatzaren 13a

Buruz Burukorako dohain bikainak dituela demostratu zuen Jon Jaunarena leitzarrak igandean Eibarren, iazko promesetako Buruz Buruko txapeldunak 22-12 irabazi baitzion egungo Binakako txapelduna den Jose Javier Zabaleta etxarrendarrari. Leitzarrak oso ongi atera zuen - 11 tanto egin zituen sakez - eta errestoan bikain aritu zen, aurrelari batendako meritu handiko lana. Tantoa bukatzen arazo gehiago izan zituen. Etxarrendarrari, aldiz, alderantziz. Atzelaria izateko azkartasun asko erakutsi zuen Zabaletak, eta lehen koadroetan iritsi zen pilota guztiei ongi erantzun zien. Hala ere, eta atzelaria izateko, ez zen oso fin aritu errestoan. Jon Jaunarenari tokatu zitzaion lehendabiziko sakea eta bere sake azkar eta zitalari esker 8-2 aurreratu zen instant batean. Zabaletak erantzuten jakin zuen eta 9-7 gerturatzea lortu zuen, baina justu orduan sake falta egin zuen, Jaunarenari airea emanez. Hortik aurrera tarte zabala egitea lortu zuen Jaunarenak, eta beti aurretik joatearen lasaitasunarekin, 22-12 gailendu zen. Hortaz ordezkari sakandarrik gabe geratu gara Buruz Burukoan, Beroizek Ezkurdia kanporatu eta Jaunarenak Zabaleta bidean utzi ondoren. Buruz Burukoan, Aimar Olaizolak Barriola izango du arerio, Idoatek Urrutikoetxea, Bengoetxea VI.ak Jaunarena eta Martinez de Irujok Beroiz. Bestalde, jaialdia zabaltzen zuen partidan, Apezetxeak eta Peñagarikanok 22-16 irabazi zieten Ezkurdiari eta Larrinagari.