Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar hasi eta ostiralera arte Autopista Elektrikorik Ez! plataformak hitzaldiak antolatu ditu Arakilen. Bihar, 18:30ean, Errotzen emanen dituzte Red Electrica Española enpresaren egitasmoaren berri. 20:00etan, berriz, Urritzolan emanen dituzte argibideak. Etzi, osteguna, plataformako kideak Zuhatzun emanen dute hitzaldia, 18:30ean eta han bukatu ondoren, 20:00etan Satrustegik izanen dira. Ostiralean, azkenik, 19:30ean Hiriberrin emanen dituzte 400 kV-eko lineari buruzko azalpenak eta 21:30ean Ihabarren txanda izanen da. MartxaArakil eta Iza lotu zituen igandean, euripean, mendi martxa batek. Bi ibarretako herritarrez gain Euskal Herriko beste zenbait tokitatik etorritako mendizaleak egin zuten ibilbidea, 29 guztira, hasieran 50 inguru bazeuden ere. Goi tentsioko linearen ibilbidea eta haren ondorioak zein liratekeen ezagutzeko aukera izan zuten mendizaleek. Herritar harrituen aurrean mendizaleek adierazi zuten haien borondatea "sutsu" defendatuko dutela "bidegabekeria guztien aurrean". Bestalde, martxistek asteburuan Errotzen, Urritzolan, Zuhatzun, Satrustegin, Hiriberrin eta Ekain eginen diren herri galdeketetan parte hartu eta proiektuari "arbuiatze soziala" adierazteko eskatu zuten. Bestalde, REEk aurkeztu duen proiektuari herri alegazioa aurkeztu nahi dio Autopista Elektrikorik Ez! plataformak eta 10.000 sinadura bildu nahi ditu. Sakandarrak sinadura bidez babesa azaltzera deitu zuten plataformatik.