Goi tentsioko linearen kontra

Guaixe 2013ko ekainaren 19a

Asteburuan 400 kV-eko argindar linearen kontrako iritzia eman zuten Arakilgo sei herritan. Autopista Elektrikorik Ez! plataformak antolatutako herri galdeketetan auzokideen erdiak baino gehiagok parte hartu zuten, guztira 167 eta denak egitasmoaren kontra azaldu ziren: Errotz (31), Urritzola (18), Zuhatzu (16), Satrustegi (33), Hiriberri (24) eta Ihabar (45).Deikaztelu eta Itxaso artean aurreikusitako goi tentsioko linea hartuko lituzketen 39 herrietan egin zen galdeketa. 5.156 zentsatuetatik 3.248k (%63) parte hartu zuten galdeketan eta 3.228k (%99,32) egitasmoaren kontra azaldu ziren. Aldeko 5 boto (%0,1) izan ziren, 6 txuri (%0,12) eta baliogabeak 9 (%0,17). Galdeketa antolatu zuen plataformatik adierazi dutenez, "herritarren erantzun argi eta sendoak administrazio eskudunen teilatuan uzten du pilota, eta orain arte isiltasun-konplizea mantendu duten administrazioendako oharra da". Horregatik Gasteiz eta Iruñeko gobernuei dei egin diete herritarren alde agertzeko. Berriro ere nabarmendu zuten goi tentsioko lineak ez zuela ez "justifikaziorik ezta gizarte-interesik". Hurrengo egunetan 10.000 herritarrek sinatutako alegazioak bilduko dituzte, argindar linea egitasmoa jendaurrean baitago dagoeneko.