Arakildarren biltzarra

Guaixe 2013ko uztailaren 26a

Urteroko hitzorduarekin bete zuten makina bat arakildarrek eta atzo Itxasperriko ermitan elkartu ziren; elizkizuna eta ondorengo otamena izan ziren aitzakia. Mezaren ondoren omenaldi eta aitortzen tartea izan zen. Udalak Jose Javier Zabaleta pilotaria eta 2012an jaiotako umean omendu zituen. Joan den urtean dozena bat haur jaio ziren Arakilen eta haietatik 5 agertu ziren atzo Itxasperrira. Arakildar berriei harrera egiteko udalak umeen zaintzarako produktu naturalak dituen saskitxo bana oparitu zien haien gurasoei.  Zuhatzuko frontoian jarritako karpa Arakilgo eguneko egitarauaren bigarren zatiaren aterpe izan zen. Herri bazkarian 167 arakildar elkartu ziren. Mahaira eseri aurretik kontzeju-etxean Kike Ábrego Mateo, Rosalia Moratal Enguix eta zendu zen José Javier Irisarri Itsasoren margolanak ikusteko aukera izan zuten. Magia, musika, joko eta jolasekin arratsalde pasa ederra izan zuten arakildarrek.