Udalak 10 langile kontratatuko ditu

Guaixe 2014ko urtarrilaren 9a

Aurtengo aurrekontua 653.703,05 eurokoa da

Aurreko urtean baino 5.000 euro inguru gutxiago izanen ditu aurten kudeatzeko Arakilgo Udalak. Hala ere, aurreko urteko ildoari jarraituz enplegu plana izanen da aurrekontuko diru-sail nagusietako bat: 78.000 euro. Horiekin urte erdian udalarendako lan eginen duten 10 pertsona kontratatuko dira, joan den urtean baino 2 gehiago.

Apirilaren 4an hasiko dira lanean kontratatuko dituzten pertsonak. Haietako bost udalaren zerbitzu anitzen taldean ariko dira lanean, lanaldi osoan. Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Babestutako Gizarte Enpleguaren bidez beste lau pertsona kontratatuko dituzte, lanaldi osoan ere. Gainera, kultura eta kirol dinamizatzaile bat ere izanen du ibarrak 6 hilabetez, lanaldi erdian kontratatuta.

Arakilgo Udalak, bestalde, hurbiltasun eta arnasaldi zerbitzua eskaintzen segitzea erabaki du, “interesa duen jendea dagoelako, premia dagoelako eta eskertzen dutelako”. Hala ere, aurrera nola segitu aztertuko du udalak. Zerbitzu horren bidez, adineko edo zaintza berezia behar duten pertsonei paseoak edo ariketak egiten laguntzen zaie. Edo haien senide zaintzailei atseden une bat eskaintzeko modua ere bada. Guztia Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen koordinatuta. Zerbitzu horretan langile bat dago, lanaldiaren %60an kontratatuta.

Kontzejuak
Aurreko urtean Arakilgo Udalak ibarreko kontzejuei diru-laguntza eman zien herrietan hainbat lan egin zitzaten. Bertako ekonomia aktibatzeko planeko lanak hamaika herritan egin ziren (zenbait despeditzear daude). Guztira 318.552,88 euroko balioko lanak egin dira. Kontzejuek lanen aurrekontuaren %56 ordainduko zuten eta udalak %44.

Joan den urteko inbertsio ahaleginaren ondoren, Arakilgo Udala kontzeju guztietako ordezkariekin bilduko da. Kontzejuek aurtengorako zein asmo dituzten jakin nahi dute udalean. Lan berriak egiteko asmoa balute Arakilgo Udalak berriro ere bertako ekonomia aktibatzeko plana martxan jarriko lukeela adierazi du.

Bestalde, bisita erronda horretan udalak kontzejuetako arduradunei euren herrian egin beharreko lan txikiak zein diren galdetuko diete. Lan horiek apiriletik aurrera udalak kontratatutako bost langileek egitea da asmoa. Bestalde, Arakilgo Udalak gaur egun duen zorra txikia da eta, gainera, ordaintzeko duen mailegu bakarra aurten despedituko da.