Bizirik daude

Guaixe 2014ko martxoaren 10a

Xala-Zubieta finalerdietarako sailkatuta daude, birtualki. Ezkurdiak eta Zabaletak orain arteko partida onena jokatu zuten eta bukaerara arte dena emateko prest daude

Bi jardunaldi geratzen dira Binakako hasiera ligaxka despeditzeko. Olaizola II.a-Aretxabaleta eta Irujo-Barriola finalerdietarako sailkatuta daude. Xala eta Zubieta birtualki sailkatuta daude ere, eta azkeneko bikoa zein izango den jakitea falta da. Ligaxkan ari diren gainontzeko 5 bikoteek izan badituzte sailkatzeko aukerak, baina batzuk beste batzuk baino gehiago. Esaterako, Titin-Merino (6 puntu) eta Urrutikoetxea-Beroiz (5 puntu) dira aukera gehienak dituztenak, baina launa puntu dituzten Berasaluze-Albisu, Ezkurdia-Zabaleta eta Bengoetxea-Zabaa oraindik dena emateko prest daude, eta nahiz eta ligaxka despeditzeko falta diren bi partidak irabaztea eta hainbat karanbola gertatzea derrigorrezko izan, sorpresa emateko prest daude. Beraz, ligaxkako azken bi jardunaldi hauek hil ala bizikoak izango dira eta espero dezagun larunbatean bikain aritu ziren Ezkurdiak eta Zabaletak ildo horretan jarraitzea.

Xala-Zubietaren 7. puntua
Xalak eta Zubietak 22-20 hartu zituzten menpean Oinatz Bengoetxea eta Zabala, partida gogor eta lehiatuan. Xalak eta Zubietak asko sufritu behar izan zuten garaipen hori lortzeko baina momentuz birtualki bada ere, finalerdietara pasatzeko balio dien garaipena izan zen. Hasieran Xala eta Zubietak errenta bikaina lortu zuten eta 16-8 aurreratu ziren. Xala oso fin aritu zen aurrean eta Zubietak agintzen zuen atzean, eta partida bideratua zutela zirudien. Baina Bengoetxeak egoerari buelta eman zion, Zabalak ere hobera egin zuen eta biek partidari buelta ematea lortu zuten, 20ra berdintzea lortu arte. Zorionez, Xalak eta Zubietak egoerari eusten jakin zuten eta, azkenean, 22-20 gailendu ziren Lekuinekoaren pilotakada bikain bati eta bolea bati esker.

Ezkurdia-Zabaletaren partidarik onena
Berasaluze II.ari eta Albisuri 19-22 irabazi zieten Ezkurdiak eta Zabaletak larunbatean Labriten jokatutako partida bikainean. Garaipen horrekin atzeko postua utzi zuten sakandarrek eta finalerdietarako postua lortzeko lehian jarraitzen dute. Ezkurdiak orain arte Binakakoan jokatutako partidarik onena jokatu zuen; min asko egin zuen sakearekin, erasoan ongi aritu zen eta defentsan serio. Atzeko koadroetan errezitaldi bikaina eskaini zuten Albisuk eta Zabaletak, sekulako pilotakadak joaz. Biak bikain aritu ziren, parez-pare, eta aurrean Ezkurdia gailendu zitzaion nahikoa akats egin zituen Berasaluzeri. Nahiz eta lehen tantoak Asegarceko bikoak lortu, sakandarrek berehala erantzun zuten eta berdindu ondoren errenta polita ateratzea lortu zuten, 13-18 aurreratuz. Baina Berasaluzek eta Albisuk ongi erantzun zuten eta 19-18 aurreratzea lortu zuten. Baina hortik aurrera Berasaluzek huts egin zuen eta sakandarrek ongi baino hobeto baliatu zituzten euren aukerak, 19-22 aurreratuz eta bizirik segitzea ahalbideratu dien garaipena lortuz.

Datorrena
Xalak eta Zubietak Irujo eta Barriola izango dituzte aurkari. Irujo eta Barriola finalerdietarako sailkatuta daude, eta nahiz eta Xala eta Zubieta modu birtualean ere hala egon, Lekuindarrak eta etxarriarrak beste puntu batekin behin betiko sailkatu nahiko dute finalerdirako. Baina Irujori eta Barriolari ez zaie galtzea gustatzen eta dena emango dute. Hortaz, partida gogorra espero da.
Ezkurdiak eta Zabaletak euren puntu berberekin dauden Bengoetxea VI.a eta Zabala izango dituzte arerio. Bi bikoak irabaztera derrigortuta daude bizirik egoteko aukerak izaten jarraitu nahi badute eta, hortaz, hil ala biziko partida izango da. Ea sakandarrek aurreko asteburuan bezala jokatu ahal duten.

Sailkapena
9 puntu: Olaizola II.a-Aretxabaleta eta Irujo-Barriola
7 puntu: Xala-Zubieta
6 puntu: Titin III.a-Merino II.a
5 puntu: Urrutikoetxea-Beroiz
4 puntu: Berasaluze II.a-Albisu, Ezkurdia-Zabaleta eta Bengoetxea VI.a-Zabala

13. jardunaldia
Xala-Zubieta / Irujo-Barriola
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Titin-Merino (larunbatean Markinan)
Berasaluze II.a-Albisu / Urrutikoetxea-Beroiz
Bengoetxea VI.a-Zabala / Ezkurdia-Zabaleta