Pablo Villarren Telco´m taldearen aurkezpena

Guaixe 2014ko martxoaren 27a

Hiriberriko txirrindulariak afizionatuen taldean debutatu du

Iruñeko Medikuen Kolegioan aurkeztu zuten, asteartean, afizionatuen mailako Telco´m-Ginex taldea. Juan Salasek talde gazte eta lehiakorra sortu du. “Ez gaude soilik lasterketak irabazteko. Hori inportantea da, baina garrantzitsuena taldea egitea da, lan egitea eta gazteengan txirrindularitza sustatzea. Zortea badugu gure txirrindularietako norbait profesional izatera pasako da. Ilusio horrekin lan egiten dugu” adierazi zuen Juan Salasek. 22 txirrindularik osatzen dute taldea, eta tartean Aralar Txirrindulari Taldetik afizionatuetara salto egin duen Pablo Villar hiriberriarra dago.

Espainiar Estatuko probatan, Frantzian eta Poloniako Carpathian Couriers Race proban lehiatuko da taldea. Espainiako Kopa eta Euskaldun Torneoa dira helburu nagusiak baina proba guztietan lan ona egitea da taldearen nahia. Momentuz hiru garaipen ditu taldeak, Erik Altuna, Antton Ibarguren eta Noel Martini esker.