Arakilgo Udalak jakinarazi du lehiaketa-oposizio bidez sei lanpostu bete nahi dituela: lanen lantaldean ariko diren bost peoi eta gizarte dinamizatzailea. Aurrenekoek udal eraikinen eta zerbitzuen mantenu eta zaintza lanak egin beharko dituzte. Horrekin batera, kisusgil, lorezaintza eta bide mantenu lanak ere egin beharko dituzte, besteak beste.
Gizarte dinamizatzailea lanaldi erdian ariko da eta hiru egiteko izanen ditu. Batetik, langabetuei eta ekintzaileei laguntzea eta aholkatzea. Bestetik, udalaren kultura agenda kudeatzea eta, azkenik, Arakilen etxebizitzari buruzko ikerketa egitea (hutsik dauden etxebizitzak, dagoen eskaera, Nafarroako Gobernuarekin harremana).
Peoien kasuan epaimahaiak kontuan izanen du hautagaien egoera pertsonala. Hau da, denbora luzez langabezian daraman edo ez, 30 urte baino gutxiago edo 45 urte baino gehiago izatea, alokairua, diru-sarrerarik ez izatea edo hipoteka izatea edota familia ardurak izatea.
Eskaerak
Hautagaiak onartuak izateko bete beharreko baldintzak dira: Arakilen erroldatua egotea, adinez nagusi izatea, eskola ziurtagiria izatea, egin beharreko lanak eragozten duten gaitzik ez izatea, inhabilitatuta ez egotea eta B mailako gida baimena izatea (peoien bi plaza azken hori ez dutenei emanen zaizkie).
Udaletxean aurkeztuko dira, hilaren 15era arteko epea dago horretarako. Peoien deialdian, instantzia betearekin batera nortasun agiriaren eta B mailako gida baimenaren kopiak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Norberaren merituak ziurtatzen dituzten agiriak ere gehitu beharko dituzte. Gizarte dinamizatzaile posturako, berriz, goi gradua edo batxilergoa eta EGA eskatzen dira.