Zabaleta: “Jaunarenaren kontra partida perfektua egin beharko dut, apenas akatsik gabekoa”

Guaixe 2014ko maiatzaren 15a

Asteazkenean materiala aukeratu zuten Zabaletak eta Jaunarenak

Larunbatean Buruz Buruko final-zortzirenetan Jose Jabier Zabaletak Jon Jaunarena leitzarra izango du arerio. Partida ikusgarria espero da, biek ederki astintzen baitute pilota. Aurreko urteko Buruz burukoan Jaunarena 22-12 gailendu zitzaion Zabaletari.

Asteazkenean material aukeraketa egin zuten Labriten. “Jonen materiala nirea baino azkarragoa da. Nireak motelagoak dira” adierazi zuen etxarrendarrak. Bere aldetik, Jaunarena kontentu azaldu zen materialarekin.

Untoriaren kontra irabaztetik dator Etxarrengo atzelaria. “Kontentu nago garaipena lortu izanagatik baina ez egindako jokoarekin. Sake onak egin nituen, baina jokoan ez nintzen eroso ibili. Konfiantzarik gabe aritu nintzen eta baldar sentitu nintzen” esan zuen etxarrendarrak material aukeraketan. Zabaletak argi du Jaunarena oso arerio gogorra izango dela. “Orain arte jokatutako bi partidetan irabazi egin dit. Bere kontra partida perfektua egin beharko dut, apenas akatsik gabekoa” aitortu du Zabaletak. Jaunarenak, bestalde, faboritoaren etiketa kendu nahi du. “Denok esaten didate aurreko partidetan berari irabazi niola, baina horrek ez du ezertarako balio. Untoriaren kontra ongi aritu zen Zabaleta. Asko atera zuen eta oso arerio gogorra da” onartu du leitzarrak.