Zabaletak Buruz Burukoa utzi behar izan du

Guaixe 2014ko maiatzaren 20a

Zuntz haustura du sorbaldan

Buruz Burukoan Alvaro Untoria eta Jon Jaunarena irabazi eta gero, final-laurdenetan Buruz Burukoari agur esan behar izan dio Jose Javier Zabaletak, gihar dortsalean zuntz haustura duelako.

Jaunarenaren kontra minduta jokatu zuen etxarrendarrak, eta guardian zegoen Asegarceko Iñigo Simon medikuak partida uztera gomendatu zion. Baina partida irabazi nahi eta aurrera segitzea erabaki zuen Zabaletak. Partida irabaztea lortu zuen, baina minduta bukatu zuen, eta astelehenean San Migel Klinikan erresonantzia magnetikoa egin zuen etxarrendarrak eta berri txarra jaso zuen: I-II graduko zuntz haustura du gihar dortsalean. Haustura larria da, hilabetetik gorako sendatze epearekin. Horregatik, nahiz eta partida atzerapena eskatu, Zabaleta ezingo litzateke garaiz osatu eta Buruz Burukoa utzi behar izan du etxarrendarrak, pena handiz. Asteburuan Mikel Urrutikoetxearekin jokatzekoa zen Jose Javier, baina ezinezkoa denez Urrutikoetxea zuzenean dago sailkatuta finalerdietarako.

Zabaleta Aspeko Txema Urrutia medikuarekin joan zen erresonantzia magnetikoa egitera. “Triste nago, eta oinazeekin. Txapelketa uzteak pena handia ematen dit” adierazi zuen pilotariak klinikatik ateratzerakoan. Orain, fisioterapia eta errehabilitazio prozedurarekin hasi beharko du.