Aurreko urteko Nafarroako Binakako Txapelketan Ander Erasunekin osatu zuen bikoa Floren Nazabalek. Aizkorakada batzuen alde eskasarengatik galdu zuten txapela, Donato Larretxeak eta Jon Rekondok jantzi zutena. Bada, aurten Ruben Saralegirekin aritzea egokitu zaio etxarriarrari eta bikoak ezin izan du txapela jantzi: Jon Rekondok eta Ander Erasunek irabazi diete, alde nabarmenarekin, gainera. Binakako txapela oso garestia da Etxarriko txapeldun handiarendako.
Nafarroako Binakako Txapela janzteko 3 bikote lehiatu ziren Iruñeko Foru Plazan: Jon Rekondo-Ander Erasun, Floren Nazabal-Ruben Saralegi eta Donato Larretxea-Juanjo Lopez. Eguzkiak, behingoz, sanferminetako herri kirol jaialdian egon izan nahi zuen eta gogotsu ekin zioten lanari aizkolariek: sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako erdibitzeko lana zuten aurretik.
Jon Rekondo eta Ander Erasun izan ziren azkarrenak (22:42.35), alde handiarekin. 3 minutuko aldea atera zieten Floren Nazabali eta Ruben Saralegiri (24:43.59). Donato Larretxea eta Juanjo Lopez izan ziren hirugarrenak (26:08.34).