Arakil ibarra protagonista den argazkiak aurkeztu daitezke lehiaketara, bi sailetako batean: jaiak eta tradizioak sailean edo ondarea eta paisaiak sailean. Lanak hilaren 24ko 13:00ak arte aurkeztu daitezke. Sail bakoitzeko argazki onenaren egileak 250 euro irabaziko ditu. Herri bozketa bidez aukeratutakoaren egilearendako 100 euro izanen dira. Argazki bakarrak ezin izanen ditu bi sari jaso.
Lehiaketara aurkezten diren lan guztiak Arakilgo Egunean ikusgai izanen dira, eguerditik aurrera, Urritzolako elkartean. Ondoren, udaletxeko batzar gelan izanen dira, agorrilaren 8ra arte. Egun horretan, Arakilgo Udalaren Kultura Sailak sare sozialen bitartez herri bozketa bidez aukeratutako argazki irabazlea zein den jakinaraziko du. Horrekin batera, epai-mahaiak sail bakoitzetik aukeratutako 10 argazki finalistak zeintzuk diren jakinaraziko dira. 20 argazki horien erakusketa epea 11tik 13ra izanen da eta agorrilaren 14an jakinaraziko du Arakilgo Udalak zeintzuk diren bi argazki irabazleak. Sariak propio antolatutako ekitaldi batean banatuko ditu Arakilgo Udalak.
Lehiaketak irauten duen bitartean hainbat modutan zabalduko ditu argazkiak, parte hartzea sustatzeko. Bestalde, 20 argazki finalistak gerora erabiltzeko eskubide ez esklusiboa gordeko du udalak.
Parte-hartzaileak
bakoitzak sail bakoitzean hiruna argazki aurkez ditzake, udaletxean edo arakilkultura@gmail.com e-posta helbidera bidaliz. Egileak izen-abizenak, nortasun agiria, helbidea, telefonoa eta e-posta helbidea eman beharko ditu. Gainera, argazki bakoitza zein sailetara eta zein izenbururekin aurkezten duen zehaztu beharko du. Aldi berean, argazkiaren deskribapena eta kokalekua gehitu beharko ditu. Lanak .Jpg formatuan aurkeztu beharko dira, 200 pppko erresoluzioan eta argazkiaren alderik handienean 30 cm-ko tamaina izan beharko du. Argazkiak argitaratu gabeak eta saritu gabeak izan behar dute.