Erbitik Nibaliren Tourra bukatu du

Guaixe 2014ko uztailaren 28a

Hiriberrikoa 81.a sailkatu zen, 3:22:48ra

Vincenzo Nibali igo zen atzo podiumeko gorenera Parisen. Froomek eta Contadorrek erorikoengatik Tourra utzi behar izan zutenetik, siziliarra aurtengo Tourreko protagonista nagusia izan da, eta nagusitasun ikaragarriarekin irabazi du. 7 minutu eta 37 segundo atera dizkio Jean-Christope Péraudi (Ag2r) eta 8:15 Thibaut Pinoti (FDJ.fr). Movistarreko Alejandro Valverde laugarrena sailkatu da, 9:40ra. “Azken unera arte borrokatu dut podiumean egon ahal izateko, eta horrek esan nahi du bikain egon garela eta ahal izan duguna egin dugula. Baina kirola horrela da; batzutan irabazi egiten da eta beste batzutan galdu” adierazi du murtziarrak. Hain zuzen ere, Valverderi laguntzeko lanetan hustu da Hiriberriko Imanol Erbitik. Tourra despeditzea lortu du, 81. postuan, 3:22:48ra.

Nibalik nabarmendu zuen Tourreko garaipena “sakrifizioz betetako bizitza baten maila gorena, gailurra” izan dela. “Nire familia Sizilian utzi nuen eta iparraldera joan nintzen 15 urte nituenean. Hau, horren guztiaren saria da” aitortu zuen.